Lucio Fontanaren obra ikusgarria, Guggenheimeko atrioan

Bizkaie! 2021-02-17 13:50   Kulturea

Hiru urtez egongo da Bilbon artista italiar-argentinarraren artelana. 

2019an Bilbon ikusi ahal izan zan Lucio Fontana, Atarian erakusketako pieza bat barriro ikusi ahal izango da Guggenheim Museoan, Milango Fondazione Lucio Fontanagaz egindako akordioari esker. Hiru urtez egongo da museoko atrioan 1951ko pieza ikusgarria, Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako (Struttura al neon per la IX Triennale di Milano) izenekoa. 

Guggenheimeko arduradunek azaldu dabenez, Fontanaren obra konplejua berbalagun bikaina izango da Frank Gehryren eraikinarentzat. Arkitektoak papelean zirriborratutako bozetoek Fontanaren arabesko espazialak gogorarazoten deuskuez, dinoe museokoek. Bere argitasun eta tamainuagaitik, neoiak burla egiten deutse perspektibeari eta distantziari; arkitektura modu biziagoan hautemoteko aukerea eskaintzen deutso ikusleari, Museoaren barrutik zein kanpoaldetik.

Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako XX. mendean arteak eta teknologiak zelan alkar hartu eben ikusteko adierazlerik sendoenetako bat da. 1950eko hamarkadako erespide estetikoetarako harrigarria dan materialez egina (neoiz), Milango 1951ko Trienaleko atondorako beren-beregi eskatutako enkargua izan zan. Beharbada, Pablo Picassoren eta Gjon Miliren argiaren marrazki ospetsuei Fontanak emondako erantzuna da. 

Fondazione Lucio Fontanako presidente Paolo Laurinik azaldu dauenez, 1951ko Milango Trienalerako sortutako neoia Fontanaren lan adierazgarri eta ikonikoenetako bat dala esan leiteke, aurrekaririk ez dauen sormenaren erabateko adibidea. Laurinirentzat, aparteko aukerea da lan hau Bilboko Guggenheim Museoaren atrioan aurkeztea, izan be, Fontanak beti izan eban hartu-emon berezia arkitektoakaz

Lucio Fontanarentzat (Rosario, Argentina, 1899 – Varese, Italia, 1968) etenbako ikerketa eta gogoetarako gai zan espazioa, eta hainbat testuingurutan eta askotariko materialen bidez landu eban. Espazialismoa sortu eta 1947an Italiara itzuli ondoren, gero eta nabarmenago, abstrakzino eta esperimentazino erradikalaren bidetik jo eban. Aitzindaria izan zan hutsa erabilteko moduan, Fontanaren ustez, hutsak sortzen dauelako artelana eta, era berean, haren osogai bereizgarria dalako.

Funtsezko eragilea izan zan abangoardiako hainbat taldetan, besteak beste, Zero talde internazionalean, baita erreferente be ondorengo belaunaldietako artista handientzat: Yves Klein, Jorge Oteiza, Jesús Rafael Soto... Kolore bakarreko mihise ebagi eta zulatuakaitik ezaguna bada be, Fontanak bere burua eskultoretzat eukan: pieza bakotxa esperientzia osotu bat zan beretzat, kolorearen eta keinuaren, denporearen, sakontasunaren, bolumenaren, materialaren eta argiaren esperientzia, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu