'Salda badago', Durangoko Jardunaldi Feministen liburua kalean
2021-02-16 10:04 Pil-pileanSan Agustin Kulturgunean aurkeztu dabe argitalpena.
2019ko zemendian egin ziran Durangoko Landako Gunean Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak, 3.000 bat emakume eta 350 kolektibo inguru batu zituan ekitaldia. Berbaldi, topaketa, aurkezpen eta bestelako ekitaldien bidez, Euskal Herriko Mobimendu Feministea egituratzeko eta aurrera begirako erronkak ezarteko hitzordu garrantzitsua izan zanez, orduan bizi izandako guztia liburu baten batzeko ardurea hartu dau Emagin alkarteak. Euskeraz zein gaztelaniaz eskuratu leiteke.
Durangoko San Agustin Kulturgunean aurkeztu dabe Salda badago izeneko liburua. Hantxe egon dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida eta alkarte feminista ugaritako ordezkariak. Emagin ikerketa eta formazino feministako zentroko kide Monica Mendiberrik azaldu dauenez, jardunaldietan landutako gaiak modu kritikoan batzea izan da asmoa, eta memoria ariketea egitea.
Liburua, izan be, 2019ko zemendiko topaketearen kronikea baino askoz gehiago da. Mahai-inguru eta eztabaidetan parte hartu eben adituakaz berba egin dabe Emagin alkarteko kideek, eta analisirako tartea be hartu dabe. Alderdi subjektiboari jagokonez, feministen bizipenak, sentipenak eta abar jaso ditue, baita alkarren artean egon leitekezan desadostasunak be.
Liburua egiten ibili diran Monica Mendiberri eta Cony Carranzaren arabera, Salda badago izenburua esanguratsua da, mobimendu feministeak Durangoko jardunaldietan saltsea sortu ebalako, baina, batez be, saltsea egiten segidu nahi dabelako. Hau da, liburua ez daitela izan lekukotasun hutsa, aurrera begira jorratu beharreko bidearen erakusgarri be bai.
Horregaitik, Salda badago amaitu bako liburua dala dinoe. Feminismoa martxan dagoan legez, liburuko eztabaidak eta kezkak be dinamikoak dira, eta etorkizunean atal barriak idatzi beharko dituela espero dabe.
Salda badago eragile askoren arteko alkarlanaren eta ahaleginaren emoitzea da, berau argitaratzeko bidea ez dalako erraza izan. Crowdfunding-a martxan ipini eben finantziazino bila, eta jenteak ederto erantzun eban, batutako 14.000 euroei esker liburua inprentara bialdu ahal izan zalako. Euskal Herriko Mobimendu Feministeagaz batera, proiektuari lagundu deutse Emakundek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Durangoko Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!