Literaturea eta ondarea bat eginda, Gernikako Euskal Herria Museoan

Bizkaie! 2021-02-16 08:32   Kulturea

Euskerazko liburuen inguruko barriketaldiak egongo dira, eguenean hasita.

'Literaturea eta ondarea' jardunaldiak (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herria Museoak bere hormen artean gordeten dauen ondare zabala euskal literatureagaz buztartuko dabe, Literaturea eta ondarea izeneko programazinoan, zezeiletik bagilera egingo diran sei saioren bidez. Idazle eta aditu ezagunak alkartuko dira publikoagaz saio bakotxean, eta gure literaturako liburu esanguratsuetako pasarteak jorratuko ditue. 

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, beti alkarri lotuta egon diran elementu bi dira literaturea eta ondarea: euskerazko literaturea oso lotuta dago Euskal Herriko historia, ohitura, sinesmen, leku eta jendeagaz. Gernikako Euskal Herria Museoko topaketen bidez, idazleen testuetan landutako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak sortzeaz gan, euskerazko irakurzaletasuna bultzatu nahi dabe.

Lehenengo saioa eguenean, zezeilak 18, egingo dabe, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao bidelagun dabela. Liburuko pasarte batzuk aukeratuko ditue, gaur-gaurko gaien inguruko barriketaldiaren abiapuntu izan daitezan.

Hurrengo hitzorduan, martiaren 11koan, Toti Martinez de Lezearen Urak dakarrena obrearen txandea izango da, idazlea bera bertan dagoala. Hil horren 25ean, Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan liburua, oraintsu argitaratua, jorratuko dabe. Kasu horretan be, autoreak saioan hartuko dau parte. 

Apirilaren 22an izango da hurrengo hitzordua, Bernardo Atxagaren Markak ardatz, eta, maiatzaren 22an, Martha Gellhornen Pazkoa aurreko gaua liburuaz egingo dabe berba, Edorta Jimenezek lagunduta. Azken saioan, bagilaren 17an, Julen Belamunoren Hotz industriala - Ahaztutako pintoreak lanak itxiko dau zikloa, autorea bertan dala. 

Topaketa guztiak 17:30ean hasiko dira, eta, presentzialak izango diran arren, lekuak mugatuak dira. Aurretik izena emon behar da, 946 255 451 zenbakira deituta edo euskalherria@bizkaia.eus helbidera idatzita. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu