Musika urbanoen jokera barriak ezagutzeko jardunaldiak, Bilborocken
2021-02-15 12:17 MusikeaZezeilaren 17an hasita, hilero egingo ditue saioak.
Meltown kolektiboak sormen-jardunaldien zikloa antolatu dau Bizkaiko uriburuko Bilborock aretoan, musika urbanoen jokera barriak aztertzeko, sektorean dabizan sortzaile eta eragileen eskutik. Bilboko eszena urbanoko kantariek, influencer-ek, produktoreek eta bideografoek sortu dabe Meltown kolektiboa, eta, beraz, jardunaldien gaiak bete-betean eragiten deutse euren jardunari.
Bilboko Udalak ohar baten azaldu dauenez, zezeilaren 17an izango da lehenengo saioa, eta, bagilera arte, hilero-hilero batuko dira Bilborocken, beti eguaztenez. Osasun neurriak dirala eta, jente gitxi egon ahal izango da saio bakotxean, baina berbaldi eta azalpen guztiak bideoan grabauko ditue, eta Bilbao Gazte udal erakundearen webgunean ipiniko ditue, interesa daben guztiek ikusi ahal izan deiezan.
Saio bakotxean, bideo grabazinoak egingo dira, kolektiboko kide barriak aurkeztu, kontzertuak eta berbaldiak emon... Workshop edo lantegiak be egingo dira musika-sorkuntzaz, sormenaz, edizino grafikoaz edo social media diralakoez. Musika-jokera barrien nondik norakoak azalduko dituen podcastak grabau eta zabalduko ditue.
Lehenengo aldiz egingo ditue sormen-jardunaldiok Bilborocken, Meltown komunidadea bultzatzaile dala. Hain zuzen be, kolektibo horretako kideek alkar topetako eta sinergiak sortzeko gune bat izatea nahi dabe. Meltownek, ganera, diskoetxe bat dauka, artista barriak indartu eta zabalkundea emoteko.
Lehenengo saioa eguaztenean, hilak 17, egingo dabe, 18:30etik 20:30era. Amaitu eta ordu gitxira ipiniko dabe grabazinoa interneten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!