Maren: 'Ideak argi daukadaz orain, disko luzea aurkezteko momentua da'
2021-02-15 07:57 BarriketanMusikaria.
Musikagintzara indar handiz heldu dan musikarien belaunaldi barriko ordezkari esanguratsuenetako bat da Maren bizkaitarra, eta danen artean gazteenetarikoa be bai, 18 urte bete barri dituan ezkero. Lehenengo disko luzea plazaratzear dagoan arren, dagoeneko zale ugari batu ditu etxean zein mundu guztian, sare sozialetatik zabaldu dituan kantuei esker. Formatu txikian eta gitarrea lagun, zein bandearen laguntzinoagaz, oholtzara igotea da gehien gustetan jakona.
Disko barriaren aurrerapen lez, originaltasun handidun eta izenburu misteriotsudun kantuak plazaratu ditu azkenaldion, La estación espacial de Teruel eta Te invito a mi piscina (para matarte). Izan be, gai sakonak lantzeko ikararik ez dau Marenek, baina umorezko keinuak ahaztu barik. Azken baten, ondo pasetako eta momentu batez errealidade gordinetik alde egiteko bidetzat dau musikea.
1.- Zer moduz doa lehenengo diskoa plazaratzeko prozesua?
Amaitzear nago, erdia baino gehiago prest dago. Luzaroan ibili naz disko barriaz berba egiten, ze, hasikera baten, beste disko bat neukan buruan, baina pandemia etorri zanean, pentsetako tarte bat hartu eta gauzak beste modu batera egitea erabagi genduan. Horregaitik, oraindino grabazino batzuk geratzen dira, baina hemendik oso gitxira urtetea espero dot.
2.- Margaritas y lavanda izenburua ipintea zan zure asmoa, horretan ez da aldaketarik egon?
Ez, izenburua horixe izango da, Margaritas y lavanda. Aspaldi pentsau neban izenburu hori, diskoa egiten hasi baino lehen. Nire lehenengo diskoa Margaritas y lavanda izango zala erabagi neban, ze gure etxean, txikia nintzanean, margarita piloa egoten zan beti. Orain buruan daukadazan ideak txikitatik ikusitako gauzetan oinarritzen dirala uste dot, eta horregaitik, lotura polita da.
3.- Nondik nora joko dozu lehenengo lan luzean?
Neure buruaren azalpen bat izango da. Badaukat alderdi akustiko, sinple bat; eta beste bat, ilunagoa, beharbada musika psikodelikoagoa. Alderdi biok nahastau dodaz, gauza ilunak eta argiak bateratuta. Beti hartzen dodaz gauza tristeak eta gauza polit bihurtzen dodaz, iluntasunari buelta bat emon deutsat diskoan.
4.- Azken singleen izenburuak dira La estación espacial de Teruel eta Te invito a mi piscina (para matarte). Izen bitxiak aukeratu dozuz.
Bai, konfinamenduan egindako kantuak dira, beharbada horregaitik. Inprobisauta ateratako kantuak dira, nik ez neukan aurretiaz horreek sortzeko asmorik, ez neban espero holako ezerk urtengo ebanik, ze betidanik kantu serioagoak egin izan dodaz. Instagramera igon neban abesti bion zati bana, akustikoan, eta jenteari ikaragarri gustau jakozan, beraz, aurrera. Izenburuak bitxiak dira, kantuak be halakoak diralako.
Te invito a mi piscina (para matarte) izenekoa modu arraroan sortu zan. Kontua da ze, konfinamenduan jentea etxerako piszinak erosten hasi zala zoroen moduan, eta, brometan, horren ganean berbetan hasi nintzan. Lagun bati bideodei baten esan neutsan te invito a mi piscina para matarte, eta orduan pentsau neban dream pop erako abesti baterako titulua izan eitekeala, eta hor hasi zan dana.
5.- Disko luzea egin aurretik, EP bat atera zenduan, singleak dagoz sareetan... Pixkanaka hazten joan nahi dozu?
14 urtegaz argitaratu neban EPa, eta modu inprobisadu baten izan zan, ganera. Ez neukan orain daukadan azpiegiturea, eta ideak be ez. Orain, uste dot badaukadazala ideak argi, badakit nora jo nahi dodan, eta lan handi bat aurkezteko momentua da. Dana dala, gaur egun, musikearen munduan, uste dot singleak dirala ondoen funtzionetan dabenak. Badaukadaz idea gehiago, disko hau atera eta gero be lanean segiduteko.
6.- Gaur egun, disko fisikoa bera baino inportanteagoa bihurtu da internet bidezko zabalkundea?
Duda barik, sare sozialak gure lanaren parte bihurtu dira, abestiak idatzi eta sareetara igon. Gaur egun, jenteak horregaitik ezagutzen zaitu, eta, pandemia hasi zanetik, gehiago. Ezin dogu ia kontzerturik jo, mobidu be ezin gara egin, eta interneten bitartez, edonora heldu ahal gara.
Arraroa be bada, ze jente askok internetetik ezagutzen zaitu, baina aurrez aurre ez zaitu ikusten. Nik uste dot, musikari batek zaleen feedback gehien kontzertuetan jasoten dauela, adibidez entzuleen arpegiak ikusten dozuz. Orain ez dozu arpegirik ikusten, kantu bat interneten ipini, eta feedbacka diferentea da, like edo idatzizko komentarioen bidezkoa. Halandabe, ilusinoa egin deust ikustea nire musikea munduan zehar dabilela eta jenteari gustetan jakola, mezuak asko eskertuten dira.
7.- Diskoa aurkeztu eta zure 18. urtebetetzea ospatzeko, 18 birea hasi dozu. Pandemiak eragindako murrizketakaitik, ez da erraza izango konpromisoei eustea...
Gatx dago, egia esan. Hiru kontzertu egin doguz bandeagaz, Bilbon, Barakaldon eta Donostian, eta itzel pasau genduan, baina aforo txikia izan zan. Kulturea segurua dala esan nahi dot, amorrua emoten dau, neurri guztiak zorrotz bete arren, kontzertuak bertan behera itxi behar izatea. Nik, gehien disfrutetan dodan momentua kontzertuak dira. Orain ez da erraza zuzenekoak antolatzea, baina bagabiz urtenbideak aztertzen. Ezin badot bandeagaz jo, gitarreagaz formatu txikian joten segiduko dot, gitxienez.
8.- Zelakoak dira zure zuzeneko kontzertuak?
Bizi izaten gabizan zoroaldi honen guztiaren erdian, geldialdia eskaintzea da nire helburua, ardura guztiak atean itxi eta ondo pasetako momentu bat izatea. Bestetik, kantu alaiak zein tristeak daukadaz, eta horregaz istorio bat kontetan dot.
9.- Gazte hasi zinan zeure abestiak sortzen eta sareen bidez zabaltzen, lehenengo EPa 14 urtegaz plazaratu zenduan. Nondik jatortzu musikarako zaletasun goiztiarra?
Arraroa da, baina ni, izatez, persona lotsatia izan naz beti, baina musikearen mundua asko gustetan jat, eta antzerkiarena be bai. Ikastolan lotsatia nintzan arren, antzerkiak egin behar genduzanean niri protagonistearena egitea gustetan jatan, uste dot nire lekua beti izan dala hori, lotsea kentzeko lekua agertokia da. Ganera, gure familian oso kantazaleak dira, ama musika-andereñoa da eta birraititek abestiak idazten zituan. Gure abestiak daukaguz familian, eta hortik urten jat zaletasuna.
10.- Zer emoten deutsu musikeak?
Neure burua ulertu eta azaltzeko modua da. Musikearen bitartez gauza asko esan zeinkez. Askotan, kantuen berbak idazten dodazanean, modu inkontzientean idazten dodaz, eta gero ulertzen dodaz, norbere burua hobeto ezagutzeko modua da. Gero, hori jenteari azaltzen ahalegintzea be bada gauza polita.
11.- Musikeari esker, artista ezagunen alboan jo ahal izan dozu. Zelakoa da sortzaile erreferenteakaz oholtzara igotea?
Ikaragarria da, betidanik mirestu izan dodazan taldeak ezagutu ahal izan dodaz. Adibidez, Crystal Fighters beti irratian entzun izan dodan taldea da, eta, halako baten eurakaz berbetan egotea zoramena da.
Crystal Fighterseko abeslaria eurakaz jo baino egun batzuk lehenago ezagutu neban, eta etxe ondoan izan zan, Busturian, Madariaga Torretxean! Txikitan Busturian ikasi neban nik, eta leku berean Crystal Fighterseko abeslariagaz berba egitea, Ingalaterrako puntatik etorrita... Mundu bi batzea modukoa izan zan.
12.- Crystal Fighters aitatu dozu. Ze beste talde dira zuretzat erreferente edo inspirazino?
Nire talderik gogokoena Arctic Monkeys da, eta asko gustetan jat Frantziako musikea be. Aitite eta amuma 1960ko hamarkadako hango kantarien jarraitzaile itzelak ziran, eta txikitan binilo guztiak emon eustezen. Horregaitik, artista lez, nire erreferente handiena Françoise Hardy da, haren ibilbideagaitik. Soinu aldetik, lehen esandako Arctic Monkeys, The Beatles, David Bowie, The Velvet Underground... Horreek gustetan jataz gehien.
13.- Erreferentziak bilatzeko zein kantuak idazteko orduan, belaunaldi barrien ordezkari zarienok hizkuntza ugaritara joten dozue. Jarrera naturaltzat dozu euskerea, gaztelania, ingelesa eta abar erabiltea?
Bai, normala da niretzat. Pentsau, azken urte biotan Bartzelonan egon naz ikasten, eta katalanez abestiak idazten be hasi naz. Hizkuntza bakotxak zeozer diferentea emoten deutsu soinuaren edo berben aldetik. Bakotxean geure burua modu dierentean adierazoten dogu, eta horregaz olgetea polita da.
14.- Lehenengo diskoa ia prest dozu; nondik nora jo nahi dozu ondoren?
Diskoa atera eta gero, kontzertu asko-asko egin nahi dodaz, eta badaukadaz idea gehiago lanean segiduteko. Helburu nagusia da musikearen munduan denpora luzean ibiltea da, eta ondo pasetea.
Argazkiak: Anthony Kan eta Zelai Garcia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!