Kalidadezko euskerea sustatzeko lau urterako hitzarmena izenpetu dabe EITBk eta Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2021-02-12 13:06   Kulturea

Euskalkien eta berbakeren aberastasuna jagoten laguntzea da helburuetako bat.

Andoni Aldekoa eta Andres Urrutia | Ikusi handiago | Argazki originala

Andoni Aldekoa Euskal Irrati Telebistako (EITB) zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2024ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo dan erakunde bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. EITB eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzea 2003tik dator eta ordutik kalidadezko euskerea sustatu eta zabaltzearen alde egin dabe erakunde biek.

EITBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenean jasotzen danez, EITBko hedabideek kalidadezko euskera estandar eredugarria zabaltzen eta finkatzen lagunduko dabe ondoko lau urteetan eta Akademiaren arau eta erispenak beteteko konpromisoa hartzen dabela. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jarten ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakotxari eta komunikazino egoera bakotxari jagokon eran.

Hori guztia aurrera eroateko, EITBk Euskaltzaindiaren laguntzea eta kolaborazinoa izango dau. Gainera, EITBren testu-bildumea erabilten jarraitzeko aukerea emongo jako Euskaltzaindiari, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeakaz batera lantzen dabizen Lexikoaren Behatokia osotu ahal izateko.

Helburuak eta lankidetza-eremuak

Hiru dira hitzarmenaren helburu nagusiak: euskerearen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratu; euskerearen lantze funtzionala indartu; eta euskalkien eta berbakeren aberastasuna jagoten lagundu.

Lankidetza akordioak ondoko eremuak hartuko ditu:

• Euskaltzaindiak euskerearen batasun bidean emoniko arauak, gomendioak eta erispenak.

• Hedabideetan erabilten diran erregistroak (aztertu, jaso eta hobetzea) eta euskerearen datu-baseak.

• Euskerearen erregistro barriak, berariaz hedabideetan lekua dabenak.

• Lagunarteko berbakera eta euskalkiak.

• EITBk euskerearen alorrean dituan beharrak eta konsultak.

• Profesionalen hizkuntza-mailea jasoteko prestakuntza-saioak, konpartidutako argitalpenak, glosarioak eta eskuliburuak.

Alkarlanaren ondorioak

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak autortu dau urte honeetan guztietan lankidetza-eremu zabala eratu dala Euskaltzaindiaren eta EITBren artean eta gogoratu dau EITB dala Euskaltzaindiaren arauen zabaltzaile nagusia, informazino eta aktualidade saioen bitartez zabaltzen ditualako Akademiaren arau eta gomendioak. Aldekoak gaineratu dau arauez gan bestelako sailak be hartzen dituala lankidetza-eremuak, besteak beste, leku-izenak, euskalkiak, erregistro informatiboa eta lagunarteko berbakerea.

Urteetako alkarlanak emondako bestelako onurak be aitatu ditu Andoni Aldekoak: Alkarlan honek ondorio zehatz eta nabarmen asko izan ditu: esaterako, Euskaltzaindiak araututako leku-izen guztiak EITBren barruan zabaltzeko sistemea antolatu da; HIKEA, euskereari buruzko aplikazinoaren bidez zabaldu dira, hain zuzen be. Horrezaz gan, EITBkatondutako hainbat glosario Euskaltzaindiak aztertu eta balioztatu ditu

Andres Urrutia euskaltzainburua be pozik azaldu da sinatutako akordioagaz eta erakunde bien arteko alkarlana aspaldikoa eta naturala dala esan dau: Pandemiak zabaldutako giro latz honetan,  beharrezkoagoa da gure erakunde bien arteko alkarlana, guztion artean eduki barriak -Hizkuntza kalidadearen aldetik egokiak- sustatu daiguzan, euskereak aurrera egin daian.

EITB estrategikotzat dau Euskaltzaindiak eta hori be nabarmendu dau euskaltzainburuak: Dauen hedadurea eta hizkuntzea sustatzeko ahalmena kontuan hartuz, Euskaltzaindiak estrategikotzat hartzen dau EITB euskerearen normalizazioan.

Batasunaz be egin dau berba Urrutiak, danon artean egiten dogula gogoratuz, baina herritik bertatik jatorkuna ez baztertzea eskatu dau, batez be ahozko tradizinotik jasotakoa. Halan da be, ahozkotik harago joan behar dala nabarmendu dau.

Urrutiaren eretxiz, hizkuntzearen erabilera jasoa bermatu behar da euskal hedabideetan eta horretarako garrantzitsuak dira onomastika eta toponimia alorrean hartzen diran erabagiak. Toponimiaren garrantzia upealakoa da euskararen herrialdeetan esan dau euskaltzainburuak, izan be, horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaitualako; eta horretan komunikabideek zeresan handia dabe, batez be, EITBk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu