Euskal eta irlandar doinuak batu ditu Iñaki Palaciosek disko barrian

Bizkaie! 2021-02-12 10:20   Musikea

The Gael's taldearen laguntzinoa izan dau proiektu honetan.

Irlandara begira jarri da Iñaki Palacios musikari arabarra Baltik izeneko disko barrian (Baga-Biga). Kantuetako gaiak, erabilitako tresnak, The Gael's taldearen laguntzinoa... Dana ugarte haretatik hartuta dagoala dirudi, baina Palaciosek berak diskoaren aurkezpenean azaldu dauenez, euskal musikeagaz buztartuta dator Irlandako tradizinoa. Txistuak egin dau ezagun Iñaki Palacios, eta bere hirugarren diskoan ez deutso uko egin horren euskalduna dan tresneari.

Irlandako pub eta tradizinoek leku handia dabe Baltik diskoko bederatzi kantuetan: han batzen dan jentearen ohiturak, zaletasunak, esamoldeak, bizitzeari begiratzeko modua. Pieza askoren abiapuntua Irlandako tabernetan topau dau Palaciosek, hara egindako bidaietan eta han ezagututako lagunen alboan. Diskoaren izenburua be, Baltik, Ipar Irlandan eguraldi ilun, euritsu eta haizetsuari esateko berba batetik hartu dau. 

The Gael's taldeagaz lehendik be lan egin izan dau Iñaki Palaciosek. Oraingo honetan, alkarregaz egin dabe diskoa. Baina goi mailako kolaborazino gehiago be badagoz Baltik-en. Esate baterako, diskoaren izena daroan abestian Amak laukoteko kideek kantau dabe, hau da, Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok (bideoklipa hemen). That boot is for me dalakoan, Goiatz Dutto entzungo dogu, eta Alan Doghertyk whistle izeneko tresna irlandar tradizionala jo dau We'll toast together again abestian. 

Txistuagaz eta euskal doinuakaz buztartuta dator Irlandako musikea, baina Europa iparraldean ohikoa dan estilo eklektikoan. Hortaz, new-trad, post-folk eta bestelakoen zertzeladak dagoz diskoan. Atlantikoaren hoztasun eta gordintasun guztia batzen dauen musikea da, baina entzuleari epeltasuna transmitidu nahian. 

Tradizinoari heldu deutsan arren, gaur egungo belaunaldientzako musikea egiten ahalegindu da Iñaki Palacios, The Gael's lagun hartuta, euskaldunen eta zelten ezaugarriak batu eta jokera barirei uko egin barik. Horren emoitzea soinu barri bat izan da, Palaciosek orain arte landu bakoa, ez behintzat argitaratutako lan baten. Txistua oinarri dala halako doinuak egitea harrigarria izan da jentearentzat, Palaciosek onartu dauenez.

Baltik zuzenean aurkezteko gogoz dago Iñaki Palacios, pandemiak nahi baino oztopo gehiago ekarri deutsazan arren. Behinik behin, kontzertu bat lotuta dauka, Gasteizeko Ur Biltegian, bihar, hilak 13. Sarrerak hemen salgai: wegow.com

2020ko udagoienean Irlandan birea egiteko asmoa bertan behera itxi behar izan eban, baina, gerora begira baikor da txistulari gasteiztarra. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu