Gernika-Lumoko 'Ezetz jakin' lehiaketea digitala izango da
2021-02-11 09:35 Euskerea berbagaiZezeilaren 15ean hasita, astero sariak emongo ditue.
Pandemiagaitik geldirik egon da luzaroan Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen daben Ezetz jakin lehiaketea, baina, formatu digitalera salto eginda, hurrengo edizinoari ekiteko prest dago. Aurrerantzean, beraz, parte-hartzaileek eskuko telefonoa erabili beharko dabe galderak erantzuteko, Egunean behin aplikazinoa deskargauta.
Berez, Egunean behin, CodeSyntax enpreseak martxan jarritako beste lehiaketa bat da, baina Ezetz jakin antzekoa danez, aplikazino hori aprobetxauko dabe Gernika-Lumoko Berbalagunek. Aplikazinoak egunaren hasieran galderak plazaratuko ditu, eta asteko puntuazino onena dabenei sariak emongo deutsez.
Parte hartzeko pausu bi egin behar dira: lehenengo, Egunean behin aplikazinoa telefonoan deskargau; ondoren, norberaren datuak bialdu gernika_berba@aek.eus helbide elektronikora. Antolatzaileek argibideak bialduko deutsez izena emondako guztiei, Ezetz jakin taldeagaz zelan bat egin jakiteko. Asmoa da zezeilaren 15ean lehiaketea martxan jartea. 16 urtetik gorakoek emon leikie izena.
Astero-astero sariak emongo ditue, uriko establezimenduetan erabilteko 50 euroko erosketa-bonuak. Ganera, parte-hartzaileen artean Praktikatu materiala eta 20 euroko bonuak zotz egingo dira. Berbalagunek azaldu dabenez, erabiltzaile batek ezin izango dau asteko sari nagusia birritan irabazi. Horrenbestez, asteko irabazleak aurreko beste aste baten be irabazi badau, bigarrenari emongo deutse bonua.
Berbalagunen filosofiagaz bat eginda, euskerea praktiketako modu erraz eta dibertigarria da Ezetz jakin lehiaketea. Papelezko formatua pandemiaren sasoiotan ez danez bape egokia, teknologiari eta bide digitalari heldu behar izan deutsela azaldu dabe Gernika-Lumoko Berbalagunek. Antolakuntzan lagundu dabe Gernika-Lumoko Udalak eta uriko euskalgintzako eragileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!