Alfonso Sastreren tortureari buruz inoiz irakurri bako irakurketa dramatizatua egingo da

Bizkaie! 2021-02-11 09:10   Kulturea

EHUko Giza Eskubideen Masterraren barruan.

Olatz Beobide, gipuzkoar aktore eta sortzaileak zuzendutako irakurketea izango da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Olatz Beobide gipuzkoar aktore eta sortzaileak zuzendutako irakurketea izango da, Hondarribian bizi dan idazle, antzerkigile, gidoilari eta saiakeragile madrildarraren La columna infame (1986) antzezlanetik abiatzen dana. Alfonso Sastre oso ezaguna da, izan be, Antzerki Sari Nazionala eta era guztietako lanen egilea da.

Zutoin beltza / La columna infame piezea delikatua da, oso didaktikoa, Milanen girotua 1630eko izurritean eta torturearen kontrako testutzat jo daiteke. Euskeraz eta gaztelaniaz antzeztuko da zezeilaren 13an hain zuzen be, Bilboko Bizkaia Aretoan estreinauko da, 11:00etan euskeraz eta 12:30eann gaztelaniaz, Euskal Herriko Unibersidadeko Giza Eskubideen Masterraren ekitaldien barruan. Egun batzuk aurrerago, zezeilaren 20an, irakurketea Hondarribiko Udal Antzokian izango da, kasu honetan 17:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskeraz.

Fito Rodriguez eta Izaskun Arandiaren produkzinoari esker oholtzaratutako testua (IZAR Films), irakurketa dramatizatu legez lehenengoz ikus-entzuteko aukerak ditugu zezeileko bi horreek. Alfonso Sastrek 1630ean Milanen altzatutako zutabe ospetsua hartu eban erreferentzia lez, torturau, lepoa moztu eta, aldi berean, euren tormentuaren ondorioz beste batzuen salatzaile izan ziran herritar gaixo biren zitalkeria betikotzeko, izan be, ustez izurrite sasoi batean uriko horma hareetan substantzia kirasdun bat lohitzeagaitik akusatuak izan ziran eta ha torturatzaileen zitalkeriaren monumentu bihurtu zan.

Gaur egun be munduaren zati handi batean zeresana emoten dauen jazoera bat salatzearen gainetik, egileak bere testuak lantzeko erabili dauen zuhurtzia, argitasuna eta umorea obraren zuzendariarentzat be apustu honetan sartzeko akuilu apartekoa izan dira.

Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernández eta Klara Badiola Bizkaia Aretoaren eta Hondarribiko Antzokiaren taulen gainean izango ditugu, Manu Gaigne eta Ander Merinoren ekarpen audiobisualagaz.

SGAE Fundazinoaren eta SGAEren Euskadiko Lurralde batzordearen babesa du eta ezinbesteko bi hitzordu ditu: zezeilaren 13an, Bilbon eta zezeilaren 20an, Hondarribian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu