Real Academia Galegak, Euskaltzaindiak eta Institut d'Estudis Catalans-ek eleaniztasuna aldarrikatu dabe
2021-02-11 07:55 KultureaBotere publikoentzako aholkularitza-lana aldarrikatzen da testuan.
Real Academia Galega, Euskaltzaindia eta Institut d'Estudis Catalans erakundeek adierazpen bateratua argitaratu dabe gaur, hizkuntzek hezkuntzan eta gizarte-esparru guztietan izan behar daben lekuari buruzko eztabaida publikoa argitzen laguntzeko asmoz. Azaldu dabenez, galiziereak, euskereak eta katalanak presentzia indartua behar dabe eskolan, berezko hizkuntzen etorkizuna ziurtatuko bada eta horrek ez deutsola ekarri, ez ekarriko, ezelako kalterik gaztelaniaren gaitasunari. Era berean, Espainiako Estaduak jagon beharreko aberastasuntzat hartu behar dauela hizkuntza-aniztasuna; ez, ostera, baztertu behar dan arazotzat adierazo dabe aitatutakoen lehen adierazpen bateratuan. Horreetako bakotxak ordezkatzen dauen hizkuntzea jagotearen eta sustatzearen erantzukizuna, maila ofizialean autortutakoa, badaben hiru erakundeek Estaduko erakundeentzako aholkularitza-eginkizuna aldarrikatu eta eztabaida publiko, informatu eta arrazional batean parte hartzeko prest dagozala agertu dabe, begirunearen eta hizkuntza-komunidadeen arteko bizikidetzearen mesedetan.
Erakunde sinatzaileen aburuz, autonomia-printzipioagaz bat etorriz, berezko hizkuntza ofiziala autortuta daben erkidegoetako hezkuntza-sistemearen hizkuntza-araubideak dana dalako erkidegoaren eskumen esklusiboa izan behar dau eta horrek berezko hizkuntza guztien eta gaztelaniaren gaitasun osoa eta bardina bermatzera bideratuta egon behar dau. Hala eta guztiz be, autonomietako araudiek helburu hori jaso arren, gaztelaniaren gaitasuna erabat bermatu da aplikautako ereduetan, baina eredu orok ez dau helburu bera bermatu katalanarentzat, euskerearentzat eta galegoarentzat: Ikerlan eta ebaluazino fidagarrienek, bai eta katalana, euskerea edo galegoa berezko hizkuntzea daben autonomia erkidegoetan egindako askotariko esperientziek frogatu dabenez, hizkuntza horreen etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskereak eta galegoak presentzia sendoa behar dabe hezkuntza-sisteman eta horrek ez deutso orain arte ezelako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzeari, ezta hemendik aurrera ekarriko be, nabarmendu dabe testuan.
Real Academia Galega, Euskaltzaindia eta Institut d 'Estudis Catalans erakundeek, botere publikoei berezko hizkuntzen inguruko gaietan aholku emoten deutsen erakunde diranez, Estatuko erakundeek konsultak egin deiezan, euren esanetara jarri dira: Eztabaida publiko informatu eta arrazoizko batean parte hartu gura geunke, Espainiako Estaduko hizkuntza-komunidadeen eta hiztunen arteko begiruneari oratu eta alkarren arteko bizikidetzea ahalbidetzeko, izan be, Espainiako Estaduak gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko leuke hizkuntza-aniztasuna, ez baztertu beharreko arazotzat, ebatzi dabe.
Adierazpena Akademia desbardinetako buruek izenpetu dabe, hau da, Victor Fernández Freixanes-ek (Real Academia Galega), Joandomènec Ros i Aragonès-ek (Institut d´Estudis Catalans) eta Andres Urrutiak (Euskaltzaindia).
Adierazpena euskaraz, galizieraz eta katalanez irakurri hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!