Euskal arkeologiaren historia ikusgai erakusketa baten

Bizkaie! 2021-02-10 13:40   Kulturea

Zemendiaren 7ra arte, Bizkaiko Arkeologi Museoan, Bilbon.

Lorea Bilbao, erakusketearen arduradunen azalpenak entzuten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

XVIII. mendetik gaur arte, euskal arkeologoen hainbat belaunaldik egin daben ekarpen baliotsua erakutsiko dau Bizkaiko Arkeologi Museoak, Bilboko Mallonako galtzadetan daukan egoitzan. Jatorrizko ehun pieza baino gehiagoren bidez, gaur egun dogun jakintzea zelan eregi daben ezagutzera emotea eta arkeologoei autortzea egitea dira Erraldoiak bizkar gainean izeneko erakusketearen helburuak. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbao Ibarrak eta Arkeologi Museoko zuzendari Iñaki Garcia Caminok inaugurau dabe erakusketea. Denporan zeharreko bidaia eskaintzen deusku, bisitarientzat aukera ezin hobea da gure historiaren alde jakingarrien barri eukiteko, adierazo dau Bilbaok. Zemendiaren 7ra arte bisitau ahal izango da, eta apirilean bisitaldi gidatuak antolatzen hasiko dira. 

Erakusketea bost atal edo unidadetan banatuta dago, hurrenkera kronologikoan. Izan be, sasoi bakotxean arkeologoek erabilitako teknikak eta egindako galderak ezbardinak dira. Esate baterako, lehenengo aldian (XVIII-XIX. mendeen bueltan) bildumagintzeagaz lotuta egoan arkeologia, baina balio handiko piezak topau ziran, adibidez, Argiñetako nekropolia Elorrion. 

1916 eta 1936 bitartean, euskal arkeologiak merezidutako autorpena eskuratu eban, zientziaren historian lekua egin daben adituen eskutik: Aranzadi, Eguren, Barandiaran... Hurrengo fasea ez zan horren oparoa izan, gerren eraginez, baina Araban eta Nafarroan aurkikuntza bikainak egin ahal izan ziran. 1953an Barandiaran erbestetik bueltau zanean, belaunaldi barri baten gidari bihurtu zan, tartean Altuna, Apellaniz, Mezquiriz eta abar egozala. Azken fasea, erakusketako bosgarren unidadeagaz bat datorrena, 1980tik gaur artekoa da.

Unidade guztietan, jagokon sasoian topautako pieza esanguratsuek laguntzen ditue azalpenak. Erromatarren objektuak, Historiaurreko eskulanak, Erdi Aroko Nekropolietako aztarnak, tresna zaharrak eta beste asko batu ditue. Pieza bakotxak historiaren barri emoten deusku ikuspuntu askotatik, eta aspaldiko gizakien bizimodua eta pentsakerea ulertzeko giltzarri dira. 

Ehun objektu inguru dira, batzuk Arkeologi Museoaren bildumakoak, baina gehienak Euskal Herriko beste museo askotatik ekarriak. Arabako Bibat, Gipuzkoako Gordailua, Nafarroako Vianako Printzea Institutua eta Irungo Oiasso Museoa be erakusketearen parte dira. Zentro horreetako guztietako teknikariak ibili dira erakusketako edukiak aukeratzen eta lantzen. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu