Genero ikuspegiari helduko deutse STEAM Topaketetan
2021-02-10 12:38 KultureaEguenean, hilak 11, izango da hitzordu telematikoa.
STEAM Euskadi Topaketen aurtengo egitarauko hirugarren saioak genero ikuspegia landuko dau, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunagaz bat eginez. Bihar, eguena, da egun hori, topaketea egingo dan egun berean. Innobasque agentziagaz bat, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen ditu STEAM Topaketak, webinar formatuan, hau da, bide telematikotik. 17:30ean hasiko da biharkoa, eta aurretik izena emon behar da (hemen), doban.
STEAM jakintzak (hau da, zientziari eta teknikeari lotuak) hezkuntzan sartzea da ekimenaren helburua. Egueneko saioan, STEAM kontzeptua genero ikuspegiagaz buztartzen ahaleginduko dira, berbaldi eta aurkezpenen bidez.
AutoEztima izeneko proiektua aurkeztuko dau Bilboko Berrio Otxoa ikastetxeak topaketearen hasieran, STEAM Euskadi lehiaketea irabazi dauen ekimen barritzailea. STEAM ikasgaiak eskolan lantzeko orduan, nesken autoestimua bultzatzea da egitasmo horren helburua, ahalduntzean sakontzeko.
Ondoren, Deustuko Unibersidadeko Inspira STEAM proiektuaren nondik norakoak azalduko ditue, Lehen Hezkuntzako nesken artean bokazino zientifikoa bultzatzen dauen ekimena da, taldeko mentoringa erabilita. Honek be Euskadi STEAM saria irabazi eban, genero ikuspegiaren atalean.
Ganera, Mentxu Ramillo izango da saioko aditu konbidadua, Politika eta Administrazino Zientzietan doktorea, Wikiemakumeak taldeko kidea eta Enredando blogeko arduraduna. Azken berbaldia Miren Artarazek egingo dau, Hezkuntza Saileko Unibersidade Politika eta Koordinazinoko zuzendariak.
Urtarrilean hasi ziran STEAM Euskadi Topaketak, hezkuntzan STEAM jakintzak sartzeko ekinbide onenak ezagutarazo eta adituen eretxiak zabaltzeko asmoz, eta biharkoa hirugarrena da. Saiooetan, STEAM Euskadi Sarietako aurreko edizinoko hamabi finalistak aurkeztuko ditue, txandaka.
Genero bardintasunean jarriko dabe arretea hirugarren topaketan. Ondoren etorriko diran hiru saioetan, honeek izango dira gaiak: kultura zientifikoa STEAM jakintzen bidez; STEAM disziplinen zeharkakotasuna; eta STEAM alkartasunerako eta aniztasunerako bidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!