Ikusi eta Ikasi, online eta presentziala izango da aurten
2021-02-09 12:38 KultureaGaur hasi eta bagilaren 10era arte, euskerazko makina bat jarduera antolatuko ditue.
Bilboko umeentzako euskerazko aisialdi-programeak, Ikusi eta Ikasik, aldaketak izango ditu aurten, ezinbestean. Covid-19aren zabalkundea ikusita, programazinoaren lehenengo zatia online egingo dabe, eta maiatzera arte ez dira saio presentzialak hasiko. Horretaz aparte, betiko egitureari eutsiko deutse: 4 eta 10 urte bitarteko neska-mutilek euren familiakaz gozetako moduko euskerazko jarduera ugari antolatu ditue.
Ikusi eta Ikasi bultzatzen daben erakunde bien izenean, agerraldia egin dabe Bilboko Udaleko zinegotzi Koldo Narbaizak eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari Maria Riverok. Jakitera emon dabenez, gaur, martitzena, hasiko da programazinoa, momentuz online. Maiatzaren 6an hasiko dira saio presentzialak, baina, aurkezpenean azaldu dabenez, unean uneko osasun-egoereagaitik aldaketak egon leitekez.
Apirilaren 27ra arte, 22 saio egongo dira, nork bere etxetik online ikusteko eta parte hartzeko. Eskulan tailerrak, gorputz ariketak, musikea eta bestelako jarduera ugari dagoz egitarauan, moltso bitan banatuta: 4 eta 8 urte bitartekoentzat, Familia, etxekoakaz batera disfrutetako; eta 8 urtetik 10era, Lagun artean.
Saioetako aurkezlea Zuriñe Hidalgo izango da, eta Makusi personaia izango dau lagun. Parte hartzeko ez da izenik emon behar, ordenagailutik Ikusi eta Ikasiren webgunera sartzea besterik ez da egin behar. Ganera, saio bakotxa hiru egunez egongo da sarean ikusgai, umeek ondoen jatorken momentua aukeratu deien.
Maiatzaren 6tik bagilaren 10erako jarduerak, ostera, aurrez aurrekoak izango dira. Aurreko urteetan legez, Bilboko auzo ugaritako udaltegietan egingo ditue, uri osoko umeakana heltzeko asmoz. Hamabi ikuskizun presentzial antolatu ditue, besteak beste, zirkuagaz, magiagaz eta eskulanakaz lotuak.
Aurrez aurreko saioetan parte hartzeko izena emon behar da, doban. Horretarako epea martiaren 1etik 8ra arte egongo da zabalik, webgunean. Gehienez saio bitara joan ahal izango da ume bakotxa, izena emoten daben guztiei lekua egiteko.
Ganera, maiatzaren 15ean Ikusi eta Ikasi egitasmoaren kantua grabauko dabe, estudio profesional baten. Saio horretan parte hartu leikie familiek, baina aurretik izena emonda, lekuak mugatuak dira eta. Saio berezi horretan izena emoteko, modua eta epeak beste saio presentzialen bardinak dira.
Egitarau osoa eta argibide gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!