Bertsotan egiteko kartak, bertso-eskola eta ikastetxeen esku

Bizkaie! 2021-02-09 08:43   Bertsolaritzea

Bertsogintzearen oinarrizko elementuak lantzen dira sei karta-sortaren bidez.

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek prest ditue bertsotan trebatzeko karta-sortak, bertso-eskoletan zein ikastetxeetan dabizan umeek koplak eta bertsoak modu original eta dibertigarrian landu deiezen, olgeten bidez. Eskabidea egin eben zentroek laster jasoko dabe bildumea, euren herrialdeko bertsozale alkartearen bidez, eta bana-banaka zehaztuko dabe bialtzeko modua, pandemiaren kontrako arauetara ahalik eta ondoen egokitzeko.

Bertsozale Alkarteko Irakasleen Taldeak diseinautako bilduma honetan, sei karta-moltso edo sorta dagoz, bakotxa bertsogintzearen elementu bati lotua: errimak dagoz sorta baten, oinak emonda datoz beste baten, gaiak eta asmakizunak be lantzen dira... Era horretara, bertso-eskolako zein ikastetxeetako neska-mutilek aukera ugari izango ditue olgetako, esate baterako, errimak edo oinak hartu eta bertsoa osotzen, puntuari erantzuten edo pasa hitza-ko asmakizunak igarten. 

Karta-sortak laster banatzen hasiko diran arren, sarean be deskargau leitekez, PDF formatuan, lotura honetan. Era horretra, zabalkunde handiagoa emongo deutse ekimenari, eta nahi dauenak etxetik modu erosoan olgau ahal izango dau. 

Pandemia sasoi honetan, bertsolaritzea lantzeko aukera zabala emoten dau karta-sorteak, eta umeei bertsoak zelan egin erakusteko baliabide barriak eskaintzen deutsez irakasleei. Bertsozale Alkarteak eta Lankuk Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa izan dabe proiektu honetan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu