Nevadan euskal diasporea ikertzeko deialdia zabaldu dabe

Bizkaie! 2021-02-08 10:27   Euskaldunak munduan

Reno uriko Jon Bilbao Katedrearen egoitzan izango da hilabeteko egonaldia.

Nevada-Renoko Unibersidadea | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxepare Euskal Institutuak urtero Nevada-Renoko Unibersidadeagaz lankidetzan eskaintzen dauen hilabeteko ikerketa-egonaldian parte hartzeko epea zabalik dago, Euskalkultura atariak zabaldu dauenez. Martiaren 3ra arte egin leiteke eskabidea, eta egonaldia bera, aurtengo abuztutik abendurako tartean egin beharko da. Halandabe, Covid-19aren egoereari be begiratuko deutse, salbuespenezko aldaketarik egin behar balitz. 

Nevada-Reno Unibersidadearen barruan dago Jon Bilbao Katedrea, Euskal Herriagaz eta euskal kultureagaz lotutako gaiak jorratzen dituan atala. Hortaz, Renora doan ikerlariak hango adituen babesa eta eskarmentua izango ditu lagun. Besteak beste, Euskal Liburutegia eta Euskal Ikasketen Zentroa daukaz unibersidadeak.

Deialdiaren oinarrietan zehazten danez, euskal diasporearen inguruko ikerlanak egiteko da egonaldia. Aukeratutako ikerlariak, azterlana bera egiteko ez eze, beste zeregin batzuetarako konpromisoa be hartuko dau, beti unibersidadearen barruan eta euskal diasporearen barri zabaltzeko helburuz.

Hautagaiek doktore titulua izan behar dabe, eta euskal diasporearen ikerkuntzan lehendik be ibilita egon behar dira. Ganera, ingelesez ondo jakitea ezinbestekoa da, egonaldia Estadu Batuetako unibersidade baten egingo dan ezkero. Ebazpena emongo dauen epaimahaian Irene Larraza (Etxepare), Xabier Irujo (Center for Basque Studies) eta Iñaki Arrieta (Jon Bilbao Euskal Liburutegia) egongo dira. Oinarriak hemen.

Aukeratutako ikertzaileak laguntzino ekonomikoa jasoko dau egonaldiaren gastuei aurre egiteko. Etxepare Institutuak bidaia, ostatua eta beste gastu batzuk pagauko deutsaz (gehienez 5.000 euro), eta Nevada-Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroak bisa eta aseguru gastuak hartuko ditu bere gain. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu