Udalerri euskaldunetako gazteen topaketan izena emoteko epea, zabalik

Bizkaie! 2021-02-05 08:55   Euskerea berbagai

Ibiltaria izango da aurtengoa, Zumaiatik Lekeitiora.

Igazko edizinoa bertan behera itxi eta gero, udalerri euskaldunetako gazteak gogotsu dagoz 2021eko topaketan parte hartzeko. Salto! lemapean, bagilaren 28tik garagarrilaren 4ra egingo dabe topaketa ibiltaria, Zumaian hasi eta Lekeition amaituta, eta izena emoteko epea zabalik dago. 

UEMAko kide diran udalerrietako gazteek hartu leikie parte topaketan, eta hiru bide dabez izena emoteko: webguneko formularioa betez, 943 81 66 99 telefono zenbakira deituta edo hezkuntza@uema.eus helbide elektronikoaren bidez. Martiaren 31ra arteko epea dabe horretarako.

Gehienez 50 neska-mutilek parte hartu ahal izango dabela zehaztu dau UEMAk. Hortaz, jente gehiagok egiten badau eskabidea, lurraldetasuna, generoa eta izena emondako hurrenkerea hartuko ditue kontuan behin betiko parte-hartzaileak hautatzeko.

Herri euskaldun-euskaldunetako herritarrak be euskerea jagotearen inguruan kontzientzietea eta gaiaren inguruko sensibilizazinoa zabaltzea da UEMAren ardura nagusietako bat azken urteotan. Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako hainbat ekimen ditu martxan, baina hezkuntza arautuaz aparte be eragiteko asmoz sortu zituan gazte euskaldunen topaketak.

Euskeraz bizi diran gazteak, ze hizkuntza erabili aukeratzeko orduan, inertzia hutsetik kontzientziara pasetan dira UEMAren lanari esker. Topaketetan, aisialdiagaz eta euskal kultureagaz lotutako jarduera erakargarrien bidez lantzen dabe gaia. Bide batez, herri euskaldunetako gazteek alkar ezagutzen dabe, euskera hutsezko giroan.

2021eko topaketea ibiltaria izango da. Lau etapatan, bagilaren 28tik garagarrilaren 4ra, Zumaia eta Lekeitio batuko ditue oinez, bidean geldialdi ugari eginda, Itziarren, Ondarroan... Begirale eta sukaldariek lagunduko deutse bidean. Ibiltea ez da izango, ezelan be, topaketetan egingo daben gauza bakarra. Kantetako, olgetarako, berba egiteko eta ondo pasetako tarte zabala hartuko dabe. 

Gazteak animau daitezan, orain arteko edizinoetako irudiakaz egindako bideoa atondu dau UEMAk, ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu