Badator Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko eguna

Bizkaie! 2021-02-04 11:13   Pil-pilean

Zezeilak 11 izango da eguna.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hau aukeratu eban 2016an, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabateko eta bardintasunezkoa izatea lortzeko.

Elhuyar-ek urte osoan egiten dau lan neskek zientzia eta teknologia-gaietan parte hartu deien STEAM hezkuntzearen bitartez eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaratzen dau, erreferenteak sortzeko. Hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurreratzen deutse gazteei: Emakume horreen bizimodua, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukerea emoten jake, uste oker eta estereotipo ezarriak gainditzeko. Eta egun honi lotuta hilebete osoan egingo diren hainbat ekintza atondu ditu Elhuyarrek: Alde batetik, Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira liburua Elkarren liburu-dendetan eskura ahal izango da zezeilaren 11etik aurrera, sasoi bateko emakume zientzialarien istorioak eta historiak batzen dituan liburu ilustratua. Istorio horreetan oinarrituta, zezeilaren 20an eta 21ean erakusketa bat egingo da Eureka Zientzia Museoan eta horregaz batera, emakume horreen omenez, familian lantzeko esperimentuak egingo dira.

Liburuko ilustrazinoak be kartel bihurtu eta Euskal Herriko hainbat lekutan zabalduko dira: batetik, Gipuzkoako ikastetxeetara bialduko dira ikasleek emakume ikertzaileak eta euren lanak ezagutu deiezan; eta, bestetik, Bizilabe proiektuaren barruan, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena egingo dau Elhuyarrek Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko herrietan, bertako udal eta garapen-agentziakaz alkarlanean. Ekimen horretan, 76 establezimenduk parte hartuko dabe eta bakotxak emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariagaz lotutako ilustrazinoa eta informazinoa batzen daben horma-irudiak jarriko ditue bertan eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe erakusleihoa. Holan, emakume zientzialarien bizitzearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta, gainera, emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena ikusarazoten lagunduko dabe. Ekintza beraren barruan, Bizilabeko gazteek bideo bidez aurkeztuko ditue emakume horreen istorio eta historiak eta hareen ikerketa-gaiari lotutako esperimentuak. Bizilaberen webgunean egongo dira ikusgai.

Ekintza horreez gan, ETB-1en eta ETB-2n emoten dan Teknopolisek saio berezia egingo dau zezeilaren 13-14ko astegoienean Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko eguna ospatzeko. Amaia Bacigalupe alkarrizketatuko dabe saioan eta aztertuko dabe gizarte-baldintzatzaileek zer eragin daben osasunean. Euskadi Irratian emitiduten dan Norteko Ferrokarrilla irratsaioak be gai hori izango dau aitagai nagusi zezeilaren 12ko saioan, Maia Garcia Vergnioryri fisikaria alkarrizketatuko daben saioan.

Emakumeak zientzian ekimenagaz bat egiten dau Elhuyarrek eta, horretarako, alkarlanean dabil hainbat erakundegaz: CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa CFM (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Injinerutza Eskolea, Ceit eta POLYMAT.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu