ALBEren 40 urteko bidea, ETBko 'Hitzetik hortzera'-n

Bizkaie! 2021-02-04 10:56   Bertsolaritzea

Jone Uria eta Unai Mendiburu konbidau ditue saiora.

Euskal Telebistako Hitzetik hortzera saioak Uribe Kostara begiratuko dau asteburu honetako atalean, ALBE alkarteak 40 urte bete dituala aprobetxauta. 1980an sortu zan Algortako Bertso Eskolea, eta beraz, lau hamarkada daroaz Getxo eta Uribe Kosta osoa bertsozaletzen. Zoritxarrez, Covid-19ak ez deutse itxi urteurrena behar dan moduan ospatzen, baina egindako bideaz harro dagoz ALBEkideak.

Hitzetik hortzera-ko lantaldea Getxon izan da atal honetako eduki nagusiak grabetan. Gazteak diran arren, aspaldi-aspalditik ALBEko kide izan diran Jone Uria eta Unai Mendiburu bertsolariakaz egin dabe berba, 40 urteko bideaz, alkartearen gaur egungo egoeraz, pandemiak eragindako oztopoez eta aurrera begirakoez.

Uriak eta Mendiburuk nabarmendu dabenez, pandemiaren erruz bertso saioak antolatzea bera be ia ezinezko bihurtu dan arren, urteroko hitzordu nagusiak egitea lortu eban ALBEk 2020an, urteurrenaren urtean. Bizkaiko bertsogintzearen hauspo diran makina bat ekimen dagoz ALBEren ardurapean: Bertso Maratoia, Bertso Jaialdi Mundiala, Balkoitik Balkoirako saioa, Balendin Enbeita Bertsopapel Sariketea, ALBE Gala, ALBE Eguna, ABRA Saria...

Ganera, artxiboko irudi zaharrak berreskuratuko ditu Hitzetik hortzera-k, ALBEren historiako momentu esanguratsuak gogora ekarteko. ALBEren 40. urteurreneko edukiez gan, Lezama eta Orioko bertsoaldiak, Joxeba Altunaren bertsoaldi kuttuna eta beste hainbat eduki izango ditu asteburuko atalak.

Zapatuan (21:00) eta domekan (15:00) emongo dabe saioa ETB1en, eta EITB Nahieran plataforman be eskuragarri egongo da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu