Bertsozale Alkarteak martiaren 18an egingo dau Batzar Nagusia

Bizkaie! 2021-02-04 08:53   Bertsolaritzea

Horren aurreko egunetan, herrialde bakotxeko batzarren txandea izango da.

Martian ezin, eta udan egin eben 2020ko Batzar Nagusia (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteko kontu, aurreikuspen eta asmoak bazkide guztiei azaltzeko eta ekarpenak jasoteko momentua heldu jako Euskal Herriko Bertsozale Alkarteari. Martiaren 18an egingo dabe Batzar Nagusia, Amasa-Billabonako Subijana etxean, 18:30ean. Igazkoa martitik garagarrilera atzeratu behar izan eben, pandemiagaitik, baina aurten hitzorduari eustea espero dabe.

Osasun aldetik ezelako arazorik ez daiten egon, barrikuntza batzuk martxan jarriko ditue batzarrean. Batetik, aretoaren edukierea zorrotz jagongo dabe, eta baimendutakoa baino jente gehiago ezin izango da sartu. Ondorioz, testuingurura egokitutako parte hartzeko aukerak eskainiko dirala dino Alkarteak, eta saioa online ikusi ahal izango dala aurreratu dau.

Eguneko egitarauaren arabera, 2020ko memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztuko deutsez bazkideei, egitasmo nagusiak eta lurraldeetako egoerea ezagutuko dabe, eta 2021eko aurrekontua proponidu eta bozkatuko da.

Euskal Herri osoko Batzar Nagusiaren aurretik, lurralde bakotxeko batzarrak egin behar ditue. Hortaz, zezeilean eta martian, bost hitzordu antolatu ditue:

- Araba, zezeilaren 7an. Gasteizko Amaia Zentroan.

- Nafarroa, zezeilaren 13an. Iruñeko Kondestable jauregian.

- Ipar Euskal Herria, zezeilaren 20an. Senpereko Larraldean.

- Gipuzkoa, martiaren 10ean. Orioko Kultur Etxean.

- Bizkaia, martiaren 13an. Gernika-Lumoko Astran. 

Bertso Eguna Iruñean

Urteroko beste zita garrantzitsu bat Bertso Eguna izaten da. Aurten, Covid-19ak eragindako neurrietara hobeto egokitzeko, saio nagusi bat barik, hiru egingo ditue, leku banatan. Lekuan bertan edo online ikusi ahal izango dira. 2021eko lehenengo Bertso Eguna zapatu honetan bertan, hilaren 13an, egingo dabe, Iruñeko Gayarre Antzokian (18:00).

Oholtzan izango dira Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara. Eneko Lazkoz eta Oihane Perea be ekitaldian izango dira. Errealidadeei beste ikuspuntu batzuetatik kantauko deutsegu, abiapuntuak egiten dauelako gaia, hautatu dogun lekuak aldatzen ditualako esanahiak, kolektiboak aldatzen ditualako bakarka marraztu dogun errealidadea, azaldu dau saioaren prestakuntzan dabilen Saioa Alkaizak. 

Iruñeko Bertso Egunerako sarrerak salgai dagoz, Antzokira joateko hemen, eta online ikusteko hemen. Beste Bertso Egun biak Getarian martian eta Hazparnen maiatzean izango dira, eta hitzordu horreetarako sarrerak be salgai dagoz, Bertso Sarrerak webgunean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu