Obra garaikideen bildumea aberastu dau Bilboko Arte Eder Museoak
2021-02-02 12:55 Kulturea2020ko bigarren erdian eskuratutako artelanen barri emon dabe.
Museoen Lagunen eta erakunde babesleen bultzadeari esker, Bilboko Arte Eder Museoak bere bildumea handitzen segidu ahal izan dau azken hileotan, pandemiak eragindako oztopoen ganetik. Jasotako dohaintzei eta egindako erosketei esker, batez be arte garaikideko piezak sartu dira bilduman, museoko arduradunek azaldu dabenez. Izan be, 2020ko bigarren seihilekoan eskuratutako obren errepaso zabala egin dabe.
Agerraldian egon dira Miguel Zugaza museoko zuzendaria, Javier Novo konserbazino eta ikerketearen koordinatzailea eta Miriam Alzuri eta José Luis Merino Gorospe konserbatzaileak. Danak bat etorri dira Museoen Lagunei eta erakunde babesleei eskerrak emoteko orduan, sasoi gatxetan be lagundu deutselako museoari. Esate baterako, 2020an % 10 gehiagok dauke Museoaren Lagun Txartela.
Dohaintza zein erosketetan eskuratutako ehun artelan baino gehiago dagoz 2020ko bigarren erdiari jagokon zerrendan. Agerraldi honetan, baina, 85 aitatu ditue, besteak geroago aurkeztuko dituelako. Javier Novoren arabera, bilduma zabala dauka Arte Eder Museoak, zentzun askotan: estiloak, formatuak, sasoi historikoak, jatorria... Azkenaldion eskuratutako obretan be danetarikoa dago, besteak beste, pinturea, grabadua, ikus-entzunezkoak eta entzuteko artea.
Moltso horretatik zaharrena, eta balio handiena daukanetako bat, Gustave Doré frantziarraren Eskaleak koadroa da, 1863an egina. Bere sasoiko gizartearen kronistatzat joten da Doré, eta gehienbat marrazkien bidez agertu zituan XIX. mendeko personak eta egoerak. Makina bat margolan be egin zituan, eta horreetako bat da Eskaleak, artisteak bazterreko personaiakaz eukan interesaren adibide garbia.
Arte garaikidekoak dira aurkeztutako obrak, eta tartean dagoz euskal artistek azken hamarkadetan egindako hainbat lan nabarmen. Arte Eder Museoan lehenago be lekua izan daben autoreak zein orain interesa sortzen hasi diranak, bietatik dagoz, Miriam Alzurik eta José Luis Merinok ondo azaldu dabenez.
Esate baterako, igaz Vicente Ameztoyren (Donostia, 1946-2001) atzera-begirakoa egin eta gero, orain, museoak aukerea izan dau haren obra batzuk jaubetzan hartzeko. Espiluaren ganean marraztutako koadro bitxi eta barritzaileak dira, artistearen ibilbidearen lehen arokoak. Obra guztiz originalak dirala dino Merinok.
Itziar Okarizen (Donostia, 1965) Variation sur la même t'aime, 1992an egindako ekintza artistiko baten dokumentazinoa da, argazki bidezkoa. Apurtzailea izan zan ekintzea, eta emakumearen pertzepzino barriagaz lotutako bide barrien aitzindari. Okarizen beste obra batzuk be eskuratu ditu museoak, esate baterako, Abandoko geltokian egindako ekintzearen dokumentazinoa, edo Txaloa performance-aren soinuzko grabazinoa.
Belaunaldi berekoa da Ana Laura Aláez (Bilbo, 1964), eta 2008an zeresana emon eban Burua-Espirala-Zuloa-Ukabila-Esperma-Korapiloa instalazino eskultorikoagaz. Aláezena berarena dan Butterflies bideoagaz batera erakutsiko dabe Bilboko Arte Eder Museoan.
Ibon Aranberriren (Itziar, 1969) Izenburu barik (barrutik kanpora) bideoa eta Josu Bilbaoren (Bermeo, 1978) Sarà-sarà be eskuratu ditu museoak. Miriam Alzurik azaldu dauenez, lehenengo begiratuan publikoarentzat gatxa izaten da Bilbaoren obrak ulertzea, baina hurretik begiratu ezkero, sen artistiko handiko detaileak topauko doguz.
Ezin da ahaztu, ganera, museoak dohaintzan jaso dauela Bilboren historia herrikoian lekua egin dauen kartela, Juan Carlos Eguillorrek 1978ko Aste Nagusirako egindakoa, hain zuzen. Aro modernoko lehenengo Aste Nagusia izan zan, eta kartela bera ikono bihurtu da bilbotarren artean.
Azkenik, Arte Eder Museoko arduradunek gogoan hartu dabe oraintsu hildako Jorge Barandiaran. 1983 eta 1996 urteen artean museoko zuzendari izandakoaren karpeta bi dagoz jasotako dohaintzen artean. Horreetako baten, Bilboko Lúzaro galeriatik pasau ziran hainbat artistaren oroigarri txikiak dagoz, gehienbat marrazkiak, bozetoak edo collage-ak. Javier Novok azaldu dauenez, Barandiaranek berak eskatzen eutsen artistei oroigarriak egiteko. Beste karpetan, Lúzaro galeriagaz lotutako material baliotsua dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!