Gazteentzako euskerazko aisialdia dakar Bilboko Harrapazank programeak

Bizkaie! 2021-02-01 12:36   Euskerea berbagai

Lehiaketak, tailerrak eta bestelako jarduerak dagoz aurtengo egitarauan.

Itxaso Paia eta Koldo Narbaiza (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gazteentzako euskerazko aisialdi programea da Harrapazank, eta hastear da 16. edizinoa. Bilboko Udalak eta Topaguneak alkarlanean antolatu ditue makina bat dobako jarduera, gazteen gustuak gogoan, sormena eta talentua lantzeko aukerea izan deien. Pandemiak behartuta, ekintza asko telematikoak izatera pasauko dira, baina aurreko urteetako egitarauari eutsiko deutse gehienbat. 

Koldo Narbaiza Euskera zinegotziak eta Itxaso Paia Harrapazankeko arduradunak agerraldia egin dabe aurtengo edizinoaren nondik norakoak azaltzeko. Talentu lehiaketak, bideo-jokoei lotutako sormena eta hainbat gaitasun lantzeko tailerrak izango dira programazinoaren ardatzak.

Eszena izeneko atalean, azken urteotan arrakasta ikaragarria izan dauen lehiaketea antolatzen dabe. Modan dagozan talentu-lehiaketen estiloan, gazteek, taldeka zein bakarka, euren gaitasunak erakutsi leikiez: jantzan, musikea joten, abesten, txisteak kontetan, magia egiten edo dana dalakoan. Sariak irabazteko zein artista profesionalen laguntzinoaz euren gaitasunak hobetzeko modua emoten deutse lehiaketeak. 

Kategoria bi izango ditu Harrapazank Eszenak, Junior (10-13 urte) eta Senior (14-18). Parte hartu gura dabenek, bideo labur bat bialdu beharko dabe, euren talentua erakutsiz, zezeilaren 26a baino lehen. Antolatzaileek 25 onenak aukeratuko ditue, coach-en laguntzinoagaz euren gaitasunak fintzeko. Finalisten galak maiatzaren 28an eta 29an egingo ditue, Bilborocken, egoera sanitarioak horretarako modua emoten badau. 

T(r)ailerrak izeneko beste atal bat be badago Harrapazanken egitarauan. 23 tailer sartzen dira hor, danetariko gaiak lantzeko, eskulanak, musikea eta gorputz mobimendua sail nagusietan banatuta. Tailerrak online izango dira, zezeilean eta martian, eta ez da aurretik izenik emon behar. 

Klikazank atala, ostera, bideo-jokoen lehiaketea da. Gazteek euskerazko bideo-jokoetan olgau ahal izango dabe alkarregaz, sarearen bidez. Puntu gehien batzen dabenek apirilaren 30eko finala jokatuko dabe. Azken saio hori online ikusi ahal izango da. Irabazleei erosketa-bonuak emongo deutsez. Euskerazko bideo-jokoak bultzatzea da Klikazank lehiaketearen helburua. 

Azkenik, Harrapazank Kalean atala be badago aurten. Izenak dinoan legez, aire zabalean egiteko jarduerak batzen dira bertan, baina, osasun egoerearen arabera, ikusteko dago aurreikusitako guztia egiteko modurik dagoan. Maiatzeko asteburuetan izango dira jarduerak: grafitti tailerrak, Parkean Party zirkuitua... Maiatzaren 22an Harrapazank jaia ospatuko dabe, ganera. Kaleko ekintzotan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da.

Informazino gehiago, egutegia eta izena emoteko lekua, hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu