TopAraba jaio da, euskerazko sormena bultzatzeko
2021-02-01 10:25 Euskerea berbagaiZezeilaren 27ko jardunaldiagaz ekingo deutse egitasmoari.
Araban euskerazko sorkuntzeari bultzadea emoteko, TopAraba izeneko egitasmoa martxan jarriko dau Gasteizko Oihaneder Etxeak. Edozein kultura adierazpide euskeraz lantzen dituen sortzaile arabarrek hartu leikie parte. Euskerazko sormen kulturala bultzatzeaz gan, barrikuntzea suspertzea eta sortzaileen sarea antolatzea izango dira helburuak.
Egitasmoaren abiapuntua zezeilaren 27ko jardunaldia izango da. Oihaneder Etxean bertan ipini dabe hitzordua, goiz eta arratsalde, sormen prozesuaren giltzarriez gogoetea egiteko asmoz. Euskal kulturgintzan erreferente diran hiru lagun izango dira goizeko saioko protagonistak: Harkaitz Cano, Amancay Gaztañaga eta Xabier Gantzarain.
Arratsaldeko saioak laborategi formatua izango dau. Teklak enpresako adituek gidatuta, sortzaileak taldeka batuko dira, eta disziplinarteko proiektu kulturalak pentsau eta diseinauko ditue. Bide batez, sortzaileen arteko hartu-emonak indartuko ditue, sarea eratzeko asmoz.
Jardunaldian parte hartu nahi dabenek izena emon behar dabe aurretik, inprimaki hau beteta. Gozeko saioa nahi daben guztiei edegita egongo da, baina arratsaldeko laborategian Araban erroldatutako 18 urtetik gorako kulturgileek baino ezin izango dabe izena emon.
Topaketea egin eta gero, beste hiru fase izango ditu TopArabak:
- Deialdia: Topaketan landu diran disziplinarteko proiektuak aurkezteko epea eta proiektu irabazleak aukeratzea. Proiektuon garapenerako 7.500 €-ko diru poltsea egongo da.
- Sormen prozesua: Aukeratutako proiektuak jorratzeko gehienez 6 hilabeteko epea egongo da.
- Aurkezpen publikoa: Oihaneder Etxean egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!