Etxarren, Ibisate, Andiazabal, Torrealdai eta Letamendia omenduko ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2021-01-29 08:29   Euskerea berbagai

2019an eta 2020an hildako euskaltzainak dira.

Urteko lehenengo Agiriko Bilkuran, aurreko urtean hildako euskaltzainak omentzeko ohiturea dau Euskaltzaindiak. Aurtengo ekitaldia gaur, barikua, izango da, Donostian. Bost lagun gogoratuko ditue. 2020an lau euskaltzain hil ziran: Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai. 2019ko abenduan hildako Juan Antonio Letamendia izango da bosgarren omendua.

Tabakaleran izango da ekitaldia. Agiriko Bilkurea, urteko lehena, goizeko 10:00etan hasiko da. 12:00etan, bost euskaltzain hilbarri-txostenak irakurriko ditue. Goiza Joxan Goikoetxea trikitilariak eta Klara Mendizabal abeslariak girotuko dabe, Goikoetxeak berak moldatutako hiru pieza joz: Xabier Leteren berbak dituen Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta Jardin bat zuretzat; eta Pedro Mari Otañoren Donostiyako ziudadia.

Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak irakurriko dau Juan Antonio Letamendia urgazlearen hilbarri-txostena; Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak Jean-Baptiste Etxarren euskaltzain urgazlearena; Elena Martínez de Madina urgazleak Angel Ibisate urgazlearena; Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak gogoratuko dau Pierre Andiazabal, ha be ohorezko euskaltzaina; eta, azkenik, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak gomutauko dau Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren ibilbide oparoa.

Erakunde publikoek ezarritako osasun arauakaitik, aurretik izena emondakoak baino ezin izango dira Tabakalerako ekitaldira joan. Covid-19ari aurre egiteko neurri zorrotzak egongo dirala aurreratu dau Euskaltzaindiak. 

 

Argazkiak: Euskaltzaindia

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu