Euskadiko Orkestreak 'Bizirik' zikloa dakar
2021-01-28 12:43 MusikeaRuth Reinhardt zuzendariak eta Augustin Hadelich biolinjoleak debuta egingo dabe.
Urtarrilaren 29tik zezeilaren 9ra bitartean, Euskadiko Orkestreak Bizirik izeneko programea aurkeztuko dau Hego Euskal Herriko lau uriburuetan, abonu-denporaldiaren barruan eta Ruth Reinhardt zuzendariaren gidaritzapean. Hamar kontzertu izango dira: sei Donostian, bi Iruñean eta bana Bilbon eta Gasteizen. Covid-19aren kontrako neurriakaitik, normalean baino kontzertu gehiago, baina edukiera txikiagodunak, emongo ditue.
Hamar kontzertuak ez dira bardin-bardinak izango, hiru konbinazino atondu ditu Euskadiko Orkestreak. Lehenengoa Donostian, Bilbon eta Gasteizen eskainiko dabe, eta Sibelius konpositore finlandiarraren piezak izango dira ardatza. Biolinerako gitxi idatzi eban arren, Sibeliusen pieza ikonikoetako bat da Biolinerako kontzertuak izenekoa.
Konpositore finlandiarraren doinuak joteko, Augustin Hadelich biolinjolea konbidau dabe. Bere lehenengo saioak izango dira Euskadiko Orkestreagaz, baina, berez, eskarmentu handiko musikaria da. Estadu Batuetako orkestra handienakaz jo dau, eta 2016an bakarlari baten interpretazino onenaren Grammy Saria emon eutsen.
Donostiako kontzertuetako batzuetan (19:30ean hasiko diranetan) entzun ahal izango da Bizirik zikloko bigarren programea. Kasu horretan, Mikel Urquiza bilbotarraren Mis monstruos marinos obrearen estreinaldia izango da pieza nagusia. Elkanoren lehenengo mundu-birearen 500. urteurrena gogoratzeko Euskadiko Orkestreak bultzatutako obren artean bigarrena da Urquizarena.
Azkenik, Iruñean aurkeztuko dabe hirugarren modalidadea. Brahmsen Obertura tragikoa eta Smetanaren Nire aberria obretako doinuak entzun ahal izango dira. Bestetik, Bizirik zikloko kontzertu guztietako bigarren zatia bardina izango da: Antonin Dvoraken 5. sinfonia.
Aurtengo denporaldian hiru emakume zuzendari konbidauko ditu Euskadiko Orkestreak. Ruth Reinhardt alemaniarra, Bizirik zikloko hamar kontzertuotako zuzendaria, zerrenda horretako lehenengoa da. Cleveland, Seattle, Dallas, Malmö eta beste hainbat lekutako orkestrak zuzendu ditu, eta operak be idatzita daukaz.
Bizirik zikloaren egutegia
- Donostia (Kursaalean): urtarrilaren 29an eta zezeilaren 1ean eta 2an (egun bakotxean 17:30 eta 19:30).
- Bilbo (Euskaldunan): zezeilaren 3an (19:30).
- Gasteiz (Principal Antzokian): zezeilaren 4an (19:30).
- Iruñea (Baluarten): zezeilaren 9an (18:00 eta 20:15).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!