EHUazokea, Unibersidade Orientazinorako Azokea

Bizkaie! 2021-01-28 09:06   Pil-pilean

Lehen edizino hau urtarrilaren 30etik zezeilaren 17ra bisitau ahal izango da.

Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleek eta langileek sarbideari buruzko dudak eta 2021-2022ko ehun graduak azaldu eta argituko ditue urtarrileko azken zapatuan hasiko dan Azokan, osorik online egingo dan hitzorduan.

Datorren ikasturtean unibersidade-ikasketak egin nahi dituen guztiek izena emon leikie dagoeneko EHUazokan. Azoka birtual honetan, Euskal Herriko Unibersidadearen 2021-2022 ikasturterako eskaintza akademikoari buruzko informazinoa, baita unibersidaderako sarbideari, UPV/EHUko matrikula prozesuari zein tasa eta bekei buruzkoa be topau daiteke.

Holan, EHUazokan pabilioi bi izango dira: Lehenengoan, unibersidadean sartzeko prozesuari, bekei eta tasei buruzko informazino zehatza egongo da, baita UPV/EHUk bere ikasleei eskaintzen deutsen beste zerbitzu batzuei buruzkoa. Bigarren pabilioian, UPV/EHUko 19 eskola eta fakultadeetako standak dagoz eta horreetako bakotxean, hainbat formatutan (liburuxkak, bideoak, webguneak, etab.) eskaintzen dituen graduei buruzko informazinoa egongo da. Danetara, 103 graduk osotzen dabe datorren ikasturterako eskaintzea. Standetan zabaldutako informazino horrezaz gan), zuzeneko informazino-saioak atondu dira zapatuan, urtarrilaren 30ean, zezeilaren 6an eta zezeilaren 13an; saio horreetan, interesdunek zuzenean parte hartu ahal izango dabe UPV/EHUko irakasleakaz eta sarbide-zerbitzuko langileakaz. Zapatuetako saioez gan, fakultade eta eskolek beste jardunaldi batzuk antolatu ditue zuzeneko saioakaz. Danetara, EHUazokearen edegiera aldian 400 saio baino gehiago egingo dira zuzenean.

Eva Ferreira errektoreak EHUazokea modu birtualean ospatzeak dakarren apustu sendoa azpimarratu dau: Personen mobikortasunerako eta aurrez aurreko jarduerak jorratzeko zailtasunak bizi ditugu, baina UPV/EHUk bere horretan jarraitzen dau euskal gizarteagaz eta hautu personal baten bila eskaintza akademikoa aztertzen daben ikasleakaz dauen konpromisoagaz. Aurten, gure orientazino-azokea birtuala izango da: ahalegin handia egin da, baina merezidu izan dau, betiko zabaltasunez eta xehetasunez informau ahal izango dogulako, berbaldi gehiagotara modu birtualean joateko abantaila erantsita. Azpimarratuko neuke irakasleakaz eta sarbide-zerbitzuko langileakaz hartu-emon zuzenak izateko aukerea kanpaina honetako informazino-saioetan. Seguru nago 2021eko EHUazokea aurreko urteetako azoken antzean erantsun bikainekoa izango dala.

Ehun gradu inguru

UPV/EHUko 2021-2022 ikasturterako graduen eskaintza akademikoak 103 gradu ditu, batzuk historia luzekoak (Medikuntzea, Artea, Zuzenbidea, Telekomunikazino Teknologiako Injinerutzea edo Biologia), beste batzuk oraintsuago ezarriak (Adimen Artifiziala, Lehen Hezkuntza hirueleduna edo Energia Barriztagarrien Injinerutzea). Eskaintzan 12 gradu bikotx be badagoz eta horreetako bat, Business + Economics, osorik ingelesez erakusten da, izan be, beste hizkuntzetako eskaintzea handituz joan da eta dagoeneko 700 irakasgai dagoz ingelesez ikasteko, baita 180 beste hizkuntza batzuetan be. Hiru graduk Unibasq Kalidadearen Euskal Agentziak bere ikasleen nazinoartekotzea sustatzeagaitik emoten dauen nazinoarteko aitamena dabe.

Gainera, hamaika graduk prestakuntza duala (unibersidadeko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak buztartzen dituan eredua) emoten dabe eta Unibasq-en aitamen duala jaso dabe. Prestakuntza duala alde batera itxita, ia ikasle guztiek dabe euskal sareko enpresa, erakunde, GKE edo alkarteetan kanpoko praktikak egiteko aukerea, urtero 12.000 praktika inguru egiten baitira eta horreetatik % 40 boluntarioak dira.

UPV/EHUk konpromiso sendoa dau inklusinoagaz, ekidadeagaz eta iraunkortasunagaz; adibidez, hezkuntza-premina bereziak dituen unibersidadeko ikasleei laguntza-neurriak eta baliabideak eskaintzen jakez aukera-bardintasuna bermatzeko. Ikasturte honetan, unibersidade-ikasketak egiten dituen 425 ikasleri emoten jake laguntzea; eta Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoan, unibersidade aurreko 439 ikasleri emon jaken arretea eta horreetatik 407k probea egokitzeko eskatu eben.

Era berean, UPV/EHUk, ebaluazino independente baten ondoren, Hezkuntza Ministerioak emondako Nazinoarteko Bikaintasun Campusaren kalifikazinoa lortu eban. Horrezaz gan, Europa mailako ekimenetan parte hartzen dau: Bordeleko Unibersidadeagaz mugaz gaindiko campus parebakoa bultzatu dau Europan eta 2020tik Enlight-en parte da, Europako Batzordeak onartu eta finantziautako bederatzi unibersidade europarren partzuergoa, aukerea emongo deutsena ikasleei egonaldiak egiteko alkartutako erakunde guztietan, prestakuntza-programa barritzaileetan parte hartuz eta gizarte-arazoei konponbidea emonez. Horrezaz gan, munduko unibersidadeakaz dituan 2.000 mobikortasun hitzarmenei esker nazinoartean egonaldiak egiteko aukera ugari eskaintzen ditu.

2020-2021 ikasturtean, 8.100 ikasle matrikulau dira lehen mailan Euskal Herriko Unibersidadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu