Gizartearen eraldatze digitalean euskeratik eragingo dau PuntuEus-ek

Bizkaie! 2021-01-28 08:33   Euskerea berbagai

2023ra arteko Plan Estrategikoa aurkeztu dabe.

Orain arteko emoitzakaz gustura eta erronka barriei heltzeko gogoz amaitu dau PuntuEus Fundazinoak 2020. urtea. 2016-2020ko Plan Estrategikoa helburuak beteta amaitu da, eta orain hurrengo hiru urteetako lanari ekin deutse, fundazinoaren patronatuak egunotan onartu dauen 2021-2023 Plan Estrategikoa oinarri dala.

Urte zaharragaz batera amaitu dan zikloan, .eus domeinua komunidadean zabaltzea zan helburu nagusia. Datuak kontuan hartuta, bete-betean asmau dau fundazinoak: lau urtean, % 242 hazi da .eus domeinuen kopurua, 2016an 4.903 ziran eta, orain, 12.000 pasautxu. Ez dago zalantzarik helburuak arrakastaz bete dirana, domeinuak gure gizartean lortu dauen onarpena eta presentzia handia da, adierazo dau Josu Waliño PuntuEus-eko zuzendariak.

Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartu eban Iñaki Goirizelaiak fundazinoaren lehendakaritzan, eta hurrengo Plan Estrategikoa gidatzeko, kargu horretan segiduko dauela baieztau dau patronatuak. EHUren ordezkari izango da, ganera. Patronatuan lehengo erakundeek segiduko dabe: Kontseilua, Euskal Idazleen Alkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EITB eta PuntuEUS Alkartea.

Aurreko Plan Estrategikoan oinarri sendoak jarri eta gero, 2021-2023 Planaren ardatza gizartearen transformazino digitalean euskeratik eragitea izango da. Horretarako, lau arlo nagusitan jarriko dira indarrak: gizarte digital euskalduna, domeinua, industria digitala eta kudeaketa aurreratua.

Josu Waliñoren esanetan, gaur egun euskal gizarteak bizi dauen egoereari erantzuten deutsan plana egin dogu, transformazino digitala bizi izaten gabiz, eta, guk, erronka horri euskeratik erantzuten lagunduko deutsan egitasmoa garatu dogu, gizartearen transformazino digitalean euskerea eta .eus domeinua giltzarri izan daitezan.

Euskerearen lurralde digitalean .eus domeinua nagusi izatea da hurrengo urteetarako asmoetako bat. Horretarako, domeinuaren zibersegurtasuna eta kalidade erespideak hobetuko ditue. Era berean, domeinuen nazinoarteko sektorean egoten eta eragiten jarraitzea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu