Estíbaliz Barrón, Fernando Canales, Itziar Lazkano eta Arantza Matías, Bilboko Ospetsu
2021-01-27 13:47 Pil-pileanSariak zezeilaren 8an emongo ditue.
Bilboko Udalak aukeratu ditu Bilboko Ospetsuak izendapena jasoko daben hurrengo lau personak, eta uriaren alde lan bikaina egin dabenen zerrenda luzera batuko dira. Juan Mari Aburto alkateak Gobernu Batzordearen batzarrean jakin eragin dauenez, honeek izango dira Bilboko Ospetsu:
Estíbaliz Barrón, Gizakia Fundazinoko zuzendaria; Fernando Canales sukaldaria; Itziar Lazkano aktorea; eta Arantza Matías merkataria. Covid-19aren eragina nabarmena da aurtengo izendapenetan, izan be, pandemiak gogorren jotako sektoreei edo birusari aurre egiten ibili diranei autortzea egin nahi izan deutse. Horregaitik, gizarte laguntzako, ostalaritzako eta merkataritzako ordezkariak aukeratu ditue.
Uriak omenaldi sentikor bat egin nahi dau persona bereziakaz, pandemiak eragindako sektoreak ordezkatzen dituenakaz, adierazo dau Aburtok. Oso ariketa gatxa eta gogorra da, eta gure uriaren historian geratzea nahi dogu. Lau dira aintzatetsitako figurak, baina gure nahia bilbotar guztiek euren burua bertan ordezkatuta ikustea da.
Izendapen honeen helburua da, euren ibilbideagaitik Bilboren izen ona zabaltzen lagundu daben persona edo erakundeak nabarmentzea. Urtero batzen dira izen barriak Bilboko Ospetsuen zerrendara. Oraingo hau, 2020ari jagokon izendapena da.
Bilboko Ospetsu barriei euren oroigarria emoteko ekitaldia zezeilaren 8an egingo dabe. Era horretara, Barrón, Canales, Lazkano eta Matías ohore hori jaso dabenen zerrendara batuko dira. 2001etik hona, 107 Bilboko Ospetsu izentau ditue.
Estíbaliz Barrón Pardo
Persona kalteberei alkartasuna eta laguntzinoa emoteko dauen konpromisoagaitik saritu dabe. Gizarte-laguntzinoaren sektorean egin dau ibilbide profesional osoa, gaur egun Gizakia Fundazinoko zuzendaria da. Erakunde horretan boluntario hasi zan 1994n. Arlo horregaz lotutako irakaskuntzan be ibili izan da.
Fernando Canales Etxanobe
Bilbo gastronomiako izarren arteak kokatzeagaitik, ilusino, dedikazino eta dohain bikainei esker. Michelin izar bat dauka El Atelier Etxanobe jatetxeak, amaren abizenagaz 1998an edegi eban jatetxe ospetsuak. Chef ezaguna izateaz gan, hainbat komunikabidetan kolaborau izan dau eta erronka barrien bila ibilten da. Esaterako, mila lagunentzako bazkaria preparau eban Hong Kongen. Proiektu gastronomiko ugariren aholkulari be bada.
Itziar Lazkano Setién
Ibilbide artistikoagaitik eta kulturea eta arte eszenikoak Bilbon eta Bilbotik zabaltzeko egindako ekarpenagaitik. Batez be antzerkian ibili izan da, baina telebistan eta zineman be ikusi dogu. Aktore ez eze, zuzendari be bada. Ahots eta interpretazino eskolak emoten ditu, antzerkigintzegaz lotutako formakuntzea bultzatzeko egiten dauen ahaleginaren erakusgarri.
Arantza Matías Gurrea
Tokiko eta familiako merkataritzan dauen dedikazino eta kantsauezinagaitik. Gurasoek hasitako merkataritzako abenturan gazte-gaztetatik sartu zan, eta ehungintzako Rafael Matías Tejidos enpresea sortu eban gero. Sektorearen krisialdiei barrikuntzearen eta adorearen bidez egin deutse aurre. Merkatari alkarteen aldekoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!