NanoGUNE zentroaren inguruko liburua idatzi dau Elixabete Garmendiak

Bizkaie! 2021-01-27 12:51   Kulturea

Zientziaren mundua gizarteratzea da argitalpenaren helburua.

NanoGUNEren egoitzan izan da aurkezpena (argazkia: CIC NanoGUNE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian dago CIC NanoGUNE, nanozientzia ikertzen dauen punta-puntako zentroa. Haren sorrerea eta urteotako ibilbidea liburu baten kontau dau Elixabete Garmendiak, NanoGUNEn egiten dan lanaren barri emon eta zientziaren mundua jenteari hurreratzeko. Euskeraz idatzita dago, eta aurrerago beste hizkuntza batzuetara itzultzeko asmoa dabe. 

Txikiaren erronka handia da liburuaren izenburua, nanozientzian lantzen diran elementu txiki-txikiak gogoan. Halako proiektu barritzaile bat zelan mamintzen dan eta egunetik egunera zelan erantzuten jakon erronkeari, horixe da Garmendiak liburuan azaldu nahi izan dauena, kontaera bizi eta errazaren bidez. 

Zentroko zuzendari nagusi Jose Maria Pitarkek liburua aurkezteko ekitaldian adierazo dauenez, harro gagoz gaur egun erronkea gauzatzen gabizalako. Ganeratu dauenez, NanoGUNEk bere lekua egitea lortu dau nazinoarteko zientziaren amaraunean. 2009tik dabil martxan NanoGUNE, nanozientzian eta nanoteknologian puntako ikerketan.

Egunero-egunero egiten dan lan gogorra da giltzarria. Elixabete Garmendiak libururako alkarrizketatu ditu NanoGUNEko ikertzaile, teknikari eta bestelako profesionalak, bakotxak bere esperientziatik josi deian detailez betetako historia, zentroaren errealidade sendoaren erretratua eginez. Zientziaren amarauna ulertzeko gako batzuk emoten ditu, ganeratu dau Garmendiak. Esaterako, ikerketa etiko eta arduratsua planteauta eta halako proiektu batek gizarteagaz dauen zorra autortuz

Dibulgazino liburua dala nabarmendu dabe NanoGUNEko arduradunek aurkezpenean, ikerketearen egunerokoari atxikia, zientziaren mundu urrun eta ulertzen gatxa eskura jarten dauena

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu