Bizkaiko sagardaoaren denporaldia hasi da

Bizkaie! 2021-01-27 10:20   Jan edanak

Bertoko sagarragaz egindako edaria konsumiduteko deia egin dau Bizkaiko Sagardaogileen Alkarteak.

Bizkaiko sagardao barriaren aurkezpena (argazkia: Bizkaiko Sagardaogileen Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaia ez da sagardao sasoi barik geratu aurten, horixe ziurtatu dabe Bizkaiko sagardaogileek, 2021eko denporaldia aurkezteko Zornotzako Uxarten egindako ekitaldian. Izan be, pandemiak bete-betean eragin deutso sektoreari, momentu honetako osasun arauakaz ia ezinezkoa da sagardotegira joatea, baina produktoreak ez dagoz amore emoteko prest. 

Bizkaiko sagarragaz egindako sagardaoa egiten daben zortzi produktorek ekin deutse 2021eko denporaldiari, ahaleginari eta ilusinoari esker. Uztea aurreko urteetan baino txikiagoa izan danez, 73.000 litro baino ez dira egongo konsumitzaileen esku. Aurtengo sagardaoak izakera sendokoak dira, gorputz handikoak, kolore bizikoak, mingotsak eta eboluzinorako gaitasuna dabenak.

Sagardao barriak oso biziak eta bolumen handikoak dira ahotan, azaldu dau Juan Zuriarrain enologoak. Igazkoak baino aterakin handiagoko sagarrez eginda dagoz, azukre gitxiagogaz, baina, batez be, polifenol maila altuagaz

Etxean zein sagardotegian, beraz, Bizkaiko sagardaoa edateko deia egin dabe produktoreek, eta bertoko sagarrez egindako produktuaren alde egin deiela. Gure tradizinoaren parte da, eta aurten Covid-19aren kontrako protokolo guzti-guztiak ondo markauta datoz, dinoe Sagardaogileen Alkartekoek. Osasun egoerara egokitutako ordutegiak eta aforoa zorrotz beteko ditue, eta mahai bakotxean lau lagun jesarriko dira gehienez. 

Egokitu egin behar izan gara, eta, horregaitik, aurten sagardaoa konsumiduteko modua aldatuko dogu, baina horrek ez dau eragotziko gero eta jarraitzaile gehiago dituan eta bere ezaugarriak hobetzen dagoan edari batez gozetan segidutea, ganeratu dau Jose Antonio Zamalloa alkarteko arduradunak. 

Bizkaiko Sagardaogileen Alkarteak bultzatzen dau 2021eko kanpaina hau, eta, era berean, Euskal Sagardoa jatorri izendapenaren parte be bada. Marka horren barruan jarduten dabe Bizkaiko lau sagardotegik, eta, herrialde guztietako produkzinoa kontuan hartuta, miloe bi litroko eskaintzea egongo da aurten. Hain zuzen be, Uxarteko ekitaldian izan da Unai Agirre, Euskal Sagardoa izendapenaren koordinatzailea. Izendapenak hazteko dauen ilusinoa eta grinea azpimarratu ditu Agirrek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu