Aitzorrotz, Erdi Aroko burruken magia gordeten dauen tontor ikaragarria

Amaia Larruzea 2021-01-27 10:29   Ibilian-ibilian

Aspaldiko edurterik handiena topau dogu.

Munduari begiratzeko modu asko dagoz, baina altueratik begiratuta, tontorrera igon, arnasa hartu eta joandakotik asko dauen mendi batean kokatzean, bertako historiaren zirrikituak geure egiteak ez dau parekorik. Debagoiena Euskal Herriko industria eta kooperatiben adierazle garrantzitsuenetako bat dogu, duda barik, baina bizitzeko ezinbestekoak ditugun enpresa horreek baztertuz, begiradea esnatuz eta gorantz begiratu ezkero, bada urrutira geure jakinmina piztuko dauen ermita eder bat, Aitzorrotz mendiko ermita ederra. Begiratzea gitxi eretxita, bertara hurreratuko gara, eskualdeko ikuspegirik ederrenetako baten bila, historiako liburuak geugaz batera eroanez, irudimenean bada be.

Orain pare bat urte, Bergarako lagun batek mendi eder honen berri emon eustan eta beragaz batera egin neban gora eta ikaragarri harritu ninduan tontor eder eta miresgarriak. Neguko koloretan ezagutu gura izan dot eta pozarren nago. Ez da mendi entzutetsua, Udalatxek eta Kurtzebarrik, esaterako, danon belarritan oihartzun handiagoa dabe, beste honek baino. Halan da be ere, haren berezitasun anitzakaitik merezidu dau bertara hurreratzea eta horretarako, hainbat bide izango ditugu eskura: Eskoriatzatik pare bat bide baditugu behintzat eta seguru gehiago be badagozala. Bolibar auzotik igotea da ohikoena, baina Arlabaneko bidea hartuz, igoerea hasi aurretik, bada beste bide bat be, Aitzorrotzeko bidea izena dauena. Dorletatik be badagu beste bide bat, Leintz-Gatzagako santutegirantz doana, hain zuzen be.

Inguruetan egindako indusketa arkeologikoek egiaztatu dabe Atxorrotxek hainbat okupazino izan dituala Neolito garaitik 1936. urteko gerra zibilera arte. Erromatar berantiarrean, Goi Erdi Aroan, eregitako gotorleku baten gainean gaztelu bat ezarri eben, XI. mendean, Antso Jakitunaren erregealdian (1150-1194) Nafarroako erresumaren erreferentziazko gaztelua izan zan Gipuzkoan. Ondoren, 1200. Urtean, Gaztelako errege Alfontso VIII.ak konkistau eban.

Lehenengo datua 1580ko dokumentu batean topau eben, Santa Cruz de Achorroz aiatzen baita bertan. Ermita honetan Gurutze Santua gurtu izan da betidanik. Hainbat erabarritze be ezagutu ditu denporan zehar eta hasierako itxurea eraldatzen joan da egungora heldu arte. Antza, zatirik zaharrena kanpantorrekoa ei da, eregi zaneko datea agertzen baita landutako harri batean eta 1887ko baseleizako kandelea piztuta mantentzea ohituratza hartu dabe ingurukoek; horren ardurea izaten dabe txandaka Bolibar-Ugazuako baserriek. Bertara igotean, kanpaia joteko ohiturea be badago, ekatxik ez daiten etorri eskatuz. Azken urteotan, indusketa arkeologikoakaz batera eta bertakoen laguntzaz, teilatua, behegaina eta hormak barriztau ditue.

Harresiari jagokonez, 90 metroko diametroa izan eban, eregiteko prozesua harri lana izan zan, berea den berezko hatxaren kareharria erabiliz. Harriz eregitako torreen ziurtasunik ez dago, beraz, posible izan daiteke 2,5 metroko zabalerea erabili izatea zurezko babesak eregiteko. Harresiak, ura atatarateko edegieraren bat dauka eta harresiaren azpian larrialdietarako erabili eitekean iges egiteko lekua, orain arte kobazulo txiki bat zala uste zana.

Ohikoena edurrik barik ikustea da Aitzorrotz ederra baina, orain, hilebete honetan egindako erretratuak dakartsuedaz. Orain pare bat urtetik hona gogoa neban barriro bertara igoteko eta kasualidadeak kausalidade, aspaldiko edurterik handiena topau dogu. Era batera edo bestera, plazerra beti be zuokaz konpartidutea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu