'Boga' lemapean egingo dabe 2021eko Herri Urrats
2021-01-26 12:53 Euskerea berbagaiSeaskaren bosgarren kolegioa eregiteko dirua batuko dabe.
2020ko Herri Urrats bertan behera geratu zan pandemiagaitik, eta horrek eragindako kaltea atzean itxi nahian, aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia egiteko asmo sendoa agertu dabe Seaskakoek. Hitzordua maiatzaren 9an izango da, Senpereko lakuaren inguruan, eta momentuko osasun egoereak aginduko dau ze neurri hartu beharko diran eta jaiaren ezaugarriak zeintzuk izango diran.
Boga izango da 2021eko Herri Urratsen leloa, arraunaren mundua gogora dakarren berbea. Seaskagaz batera, euskaldun guztiei arraun egiteko deia egin gura deutse, alkarlanean eta indarrak batuz. Izan be, helburu handiak ditue Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta jentearen babesa behar dabe.
Helburu horreetan nabarmenena, kolegio barri bat eregiteko asmoa da, Seaskaren sareko bosgarrena. Ikasleen kopuru orokorrak gora egin ez dauen arren, Bigarren Hezkuntzara heltzen diranak gero eta gehiago dira, eta beste kolegio bat behar dabe. Dagoeneko negoziazinoetan dabiz, non eregi erabagiteko, Lapurdi barrualdean izango da seguruenez.
Proiektu horretarako miloeka euro behar ditu Seaskak, eta 2021eko Herri Urrats bilketa horretara bideratuko dabe oso-osorik. Helburua 300.000 euro batzea izango da, hasierako kanpaina honetan behinik behin, ze gero gehiago beharko dabe. Horretarako, maiatzaren 9an Senperen jasoko dabena aurreko urteetan baino gitxiago izan leitekela pentsauta, beste kanpaina batzuk be martxan jarri ditue.
Batetik, Herri Urratsen materiala erosteko deia egin dabe, hori be diru-iturria dalako. Bestetik, Boga izeneko kanpainea hasi dabe, jentearen ekarpenak jasoteko. Norbanako, alkarte zein enpresek lagundu leikie, euren gaitasun ekonomikoaren arabera, modu sinbolikoan teila, leiho edo ateak erosita. 20 eta 2.000 euro bitarteko dohaintzak egin leitekez.
Maiatzaren 9ko jaiaren inguruko detaile gehiago, egitaraua adibidez, aurrerago emongo dabe. Osasun egoereagaitik, ez dago dudarik berezia izango dala aurtengo Herri Urrats, seguruenez aurreko edizinoak baino apalagoa, baina maiatzaren bigarren domekea Ipar Euskal Herriko ikastolei leguntzeko eguna dala azpimarratu dabe, eta, zelan edo halan, Herri Urrats egingo dabela. Osasunari lehentasuna emonda, jakina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!