Bakarne Altonagaren 'Guziak Jantzari' liburua aurkezpenik barik dator

Bizkaie! 2021-01-26 11:00   Kulturea

Liburua salgai dago hemen.

Datorren eguenean, urtarrilaren 28an, eguenean, Andoaingo Bastero Kulturguneko Ekitaldi Aretoan egitekoa zan Guziak Jantzari izenburuko liburuaren aurkezpena bertan behera itxi dau Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, izan be, Covid19aren izurritzea dala-eta aste honetan indarrean jarritako neurriek ezinezko egiten dabe aurkezpen hori gitxieneko baldintzatan atontzea, bai behintzat bilatzen zituan entzule eta oihartzunari begira.

Beraz, aitatu liburua, Bakarne Altonagak idatzia eta Guziak Jantzari, jantzeari buruzko eztabaidak eta generoa euskal probintzietan (XVIII - XIX) izenburu osotzat dauena zuzenean salgai jarri dau Manuel Larramendi Kultur Bazkunak www.larramendibazkuna.eus webguneko online dendan. Bertan zuzenean erosi ahal izango da.

Bakarne Altonagak XVIII. eta XIX. mendeetan erromeria eta plazetako jantzaldien eta, oro har, jantzen inguruan gure gizartean sortzen ziran eztabaidak eta liskarrak ikertu eta aztertu ditu, horretarako generoaren ikuspegia behaketarako abiapuntutzat hartuz. Horren ondorioz, Ikertutako diskursoen artean erlijiosoa, ilustraua, liberala eta tradizionalistea dira nagusi. Lan honen helburu garrantzitsuenetakoak izan dira euskal probintzietan jantzen eztabaidei buruz historiografiak esandakoa batzea eta generoak eztabaida horreen egituraketan izan eban esangurea ikertzea. Emakumeen eta gizonen arteko hartu-emonen kudeaketea, bai eta emakumetasunaren eta gizontasunaren esanahiak be, XVIII. eta XIX. mendeetan zehar subertau ziran jantzeari buruzko polemiken erdigunean egon ziran.

Bakarne Altonagak kudeaketa horren erraietan ikertu eta gure gizarteko pentsamendu jakin baten eta errealidadearen arteko arrakalea azaleratu dau, besteak beste, gaur egun lekuz kanpoko eta bitxiak izan daitekezan eretxiak eta jarrerak ezagutzera emonez. Oso deigarria da, esate baterako, Manuel Larramendik
gaiaz eban jarrerea beste elizgizon batzuen aurrean, baita jesuitakideen aurrean be. Edozelan be, jantzen inguruko jarrerak bilakaera nabarmena izan eban XVIII. mendetik XIX.era.

Altonagak argitaratutako ikerlanak atal nagusi bi ditu: lehenengoan jantzek, XVIII. mendean, Argien Mendean, moralidade katolikoaren eta jantzearen ohitura arautzearen artean sortutako tensinoak aztertzen dira. Bigarrenak, barriz, XIX. mendea hartzen dau aztergai, Antxinako Erregimenaren krisia eta, horren barruan, erreakzionarioen eta liberalen arteko tensioak eta jantzea euskal tradizinoaren eta nortasunaren osogai lez bizitea.

Euskal gizarteak oraintsu arnastutako giroaren zertzeladak ezagutzeko irakurketa oso interesgarria ikerlari getxotarrak osotu eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitara emon dauena bere Saiakera bilduman.

Ikerlan honi esker Bakarne Altonagak II. Manuel Larramendi Ikerketa Saria irabazi eban 2017. urtean. Ikerlari getxotarra Euskal Herriko Unibersidadean lizentziau zan Filosofian eta bere doktorego tesia Antxinako Erregimenaren krisiaren barruko generoaren aldaketea gaiari buruz egin eban Historia Garaikidea sailean. Asko dira generoaren ikuspegitik ikertu eta landu dituan gaiak, besteak beste: Mujeres viriles en el siglo XVIII: la construcción de la feminidad por el discurso foralista de Manuel de Larramendi; The Basque Enlightenment: New Visions of Gender in the Crises of the Old Regime; A New History of Iberian Feminisms; edo Maialen Aranguren eta Aintzane Rincón-egaz batera Historiagintzearen ikuspegi barriak. Teoria eta praktikea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu