Emakumeak kultura-ondarean dauen eginkizuna ikusarazoteko Europako lehen foroa

Bizkaie! 2021-01-26 10:25   Kulturea

Urtarrilaren 27an izango da BFAren ekimena.

Women’s Legacy Europako foroak Ingalaterra, Frantzia, Eslovenia eta Italiako ordezkariak batuko ditu online urtarrilaren 27an, BFAk koordinauko dauen lehen topaketan eta edegita egongo da interesa daben persona eta kolektibo guztiei (09:00etatik 14:00etara). Ondarea genero-ikuspegitik interpretetako Europako esperientziak batuko ditue. Foroak datozen hilabeteetan proiektuari atxikitako lau bazkideekin egingo den lanaren oinarriak ezarri nahi ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak konpromiso sendoa dau lehen topaketa honetan gauzatu eta datozen hilebeteetan jarraipena izango dauen Europako proiektuagaz. Era berean, etorkizunean aliantzak eta lankidetzak zabaltzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dau, emakumeak kultura-ondarean dauen eginkizuna berreskuratu eta balioesteko.

Topaketeak hiru bloke tematiko izango ditu: Lehenengoa Ondareari buruzko Europako Jardunaldien programeari buruzkoa da, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Komunikazinoaren ohiko hitzordua. Erakunde publiko eta pribatuek, alkarteek eta boluntarioek kudeatutako jarduerak aurkeztuko dira, tokiko eremutik eremu nazionalera. Bigarren blokean, garrantzi historiko, artistiko, politiko eta profesionalagaitik zeharkako proiektuak osotzeko balio daben emakumeen profilak nabarmentzen dituen ekimenak erakutsiko dira. Hirugarren eta azken blokean, barriz, askotariko esperientziak erakutsiko dira eta horreen ezaugarriak dira hezkuntzea, prestakuntzea eta emakumeen kultura-ondarearen sozializazinoa, nazino, eskualde eta toki-mailako kultura-ekipamenduetan oinarrituta.

Emakumeen emaria, mugaz gaindiko proiektu baten jatorria Women’s Legacy Europe proiektuaren jatorria 2018an egindako Ondareari buruzko Europako Jardunaldien kanpainea da: Emakumeen emaria, Ondarea, Emakumeen emaria. Ekimenaren erantzun bikainak Bizkaiko Foru Aldundia arlo horretan sakon lan egiten bultzatu eban. Europako beste herrialde batzuekaz aliantzan, estrategia eta jarduera-arlo barriak lantzea eta proiektuak plataforma komun batean trukatu eta ikusarazotea proponidu zan. Proiektua Europako Kontseiluko European Heritage Days programeak hautatu eban, mugaz gaindiko programei emondako laguntzen esparruan.

Women’s Legacy Europe-k lankidetzarako eta ezagutzarako Europako sarea, komunikazino-kanal eraginkorra, ezartzearen alde egiten dau eta helburuetako bat ondarea genero-ikuspegitik ikertzeko, interpretetako eta zabaltzeko jardunbide egokien liburu zuri bat idaztea izango da. Foroa Europako sarean parte hartzeko gonbidapena da, kultura-ondareagaz zerikusia dauen edozein arlotako jardunbide egokien adibideak konpartiduteko: museoak, ikerketak, zabalkunde-kanpainak, artxiboak eta liburutegiak, unibersidadea, gizarte eta kultura-eragileak eta, azken batean, gizarte bardinzaleagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzeko interesa daben persona guztiak.

Kultura Ondarea Generoaren arabera Interpretetako Nazinoarteko I. Foroa

Aurkezpen instituzionala eta Europako dokumentu estrategikoak

09:00-09:10 Foroaren aurkezpena eta Lorea Bilbao Ibarra Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduaren ondoetorria.

09:10-09:20 Genero Bardintasunerako Europako Kontseiluaren lana. Carolina Lasén Díaz, Europako Kontseiluko Genero Bardintasunerako Alorreko proiektuen arduraduna.

09:20-09:30 Europako Kontseiluaren Estrategia 21. Ana Schoebel Orbea, Ondarearen Europako Jardunaldien Espainako koordinatzailea (2014-2020).

09:30-10:30 Women Storytelling, edo kultura-ondarea genero-ikuspegitik zelan komunikau. Bloke honetan, orain arte genero-ikuspegiagaz atonduitako Ondarearen Europako Jardunaldien koordinazino-esperientziak batuko dira. Estatuko, eskualdeko eta tokiko adibideak eta administrazino publikoetatik, alkarte zibiletatik eta babes pribatuetatik abiatutako ekimenak aukeratu dira:

- Emakumeen emaria. Aintzane Eguilior- Amaia Apraiz - Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia 2018.
- Extraordinary Women. Sarah Holloway - Inglaterra. European Heritage Days 2018.
- Journées de Matrimoine. 2015-2020. Emmanuelle Cordoliani- Île-de-France. Association HFÎle-de- France.
- L’Eredità delle Donne. Florencia. Fondazione FR Firenze 2018-2019. (konfirmau barik).

10:30-11:15 Inspirazio iturri diran emakumezko irudiak. Bloke honetarako, kultura-ondarea zabaltzeko proiektuak hautatu dira. Proiektu horreen ardatz nagusiak emakumezko figura garrantzitsuak dira, beren esangura historiko, artistiko, politiko eta profesionalagaitik. Aukeratutako esperientziak hainbat estadu inpliketan dituen mugaz gaindiko planteamenduetatik tokiko ekimenetara doaz, baita nazino eta eskualde mailako jardueretatik be eta askotariko planteamenduak batzen ditue, bisita gidatuak, botanikeari buruzko berbaldiak, erakusketak edo ibilbideak:

- Marija Auersperg Attems Project. Mateja Racevski - Eslovenia.
- Women’s Creativity since the Modern Movemente. Alessandra Renzulli– Italia
- Movimiento vasco para la visibilización de las mujeres en wikipedia. Sonia Francisco – Bizkaia.

11:15-11:30 Etenaldia

11:30-12:15 Memoria femeninoak: emakumeen ondarearen sozializazinoa. Azken blokeak askotariko programak batzen ditu: emakumeen kultura-ondarea eduketea, prestatzea, transmitidutea zein komuniketea. Museoak, liburutegiak eta nazino, eskualde eta toki-mailako beste kultura-ekipamendu batzuk, erakusketa birtualak, bisita espezifikoak, irakurketa-saioak, antzezlanak eta genero-ikuspegia funtsezko daben beste jarduera asko bultzatzen dituenak:

- Relecturas. Itinerarios museales en clave de género. Liliane I. Cuesta – Valencia.
- Programación cultural en femenino. María Castejón Leorza – Nafarroa.
- Objetivo de género en la programación del museo. El caso de La Encartada. Ma José Torrecilla Gorbea- Bizkaia

12:15-12:30 Etenaldia

12:30-13.30 Eztabaidea. Asmoa estrategia komunak identifiketan saiatzea da, kultura-ondarea eta generoa funtsezko piezak diran proiektuak jorratzeko, jardunbide eta erabilera egokien liburu zuri bat sortzeko. Ondokoak dira gaiak: Erresistentziak eta zailtasunak holako esperientziei heltzeko; zelan prestatu ziran parte-hartzaileak genero-ikuspegiaren eremu espezifikoan; eta ze ekarpen egin leikio esperientzia bakotxak ondarearen interpretazinoa genero ikuspegitik landuko dauen Europako proiektu global bati.

13:30-13:55 Ondorioen irakurketea.

13:55-14:00 Foroa zarratzea. Begoña de Ibarra Zuazo. Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu