Eskolarteko gazteak plazarik plaza ibiliko dira

Bizkaie! 2021-01-26 08:27   Bertsolaritzea

Lehenengo saioa urtarrilaren 29an izango da, Gernikan.

Eskolarteko Txapelketako saio bat (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020ko Eskolarteko Bertsolari Txapelketea hankaz gora itxi eban Covid-19aren pandemiak. Herrialdeetako finalak jokatu ziran, eta, Euskal Herriko finaleko parte-hartzaileen zerrendea erabagita egoan arren, ezin izan zan jokatu, ezta hitzordua zemendira atzeratuta be. 2021. urte hau pandemiaren aldetik bardintsu hasi dan ezkero, Eskolartekoaren egitura alternatiboa antolatu dau Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak. 

Igazko Euskal Herriko Eskolartekoko hamar finalistak herririk herri ibiliko dira kantuan, plazetan ibilbide luzea daben bertsolarien alboan. Era horretara, Euskal Herriko hainbat txokotan gozau ahal izango da gazteen trebetasunaz. 

Ikastolen Alkarteagaz batera antolatu dau Bertsozale Alkarteak Eskolatik Plazara izeneko ekimen alternatibo hau. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasten dabizanei bat-bateko plazak emotea da, belaunaldi barriak zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen pausuak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezan.

Osasun egoereak baldintzatutako egitaraua izango da Eskolatik Plazara, ezin dalako aurreikusi momentu bakotxean ze arau egongo diran indarrean. Halandabe, bertsolari gazteei plazak emoteko gogoa agertu dau Bertsozale Alkarteak. Saioak dobakoak izango dira, baina aurretiaz izena emon beharko da.

Lehenengo saioa urtarrilaren 29an, barikuan, izango da, Gernikako Astran, 18:00etan. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga egongo dira oholtzan, eta horreekaz batera kantauko dabe Etxahun Lekuek eta Maialen Lujanbiok. Gai-jartzailea Igor Menika izango da. Saiora joateko izena emoteko jo hona

Hurrengo saioa Iruñean izango da, Nafarroako Antzerki Eskolearen egoitzan, zezeilaren 5ean. Eskolartekotik, Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde ibiliko dira kantuan, Alaia Martin eta Julio Sotogaz batera. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu