Parte-hartze prozesua hasiko dabe, Bilboko gazteen beharrak ezagutzeko
2021-01-25 12:53 Pil-pileanBilbao Uri Gaztea 2021-2023 estrategia zehazteko balioko dau.
Bilboko Udalak parte-hartze prozesu bat jarriko dau martxan, gazteentzako antolatzen dituan programazinoen egokitasuna neurtzeko eta uriko gazteen beharrizanak eta nahiak hobeto ezagutzeko. Hainbat alor landuko ditue prozesuan, eta saioetako protagonista nagusiak gazteak izango dira, euren eretxia ezagutzea dalako honen guztiaren oinarria.
Hiru fasetan banatuko dabe parte-hartze prozesua. Lehenengoa, bihar bertan hasiko da, urtarrilaren 26an. Hiru saio telematikotan, beste horrenbeste edade-tarteren interesak landuko ditue: 15-18 urte, 19-23 urte eta 24-30 urte. Datu kuantitatiboetan batuko dabe gazteek gai ugariren inguruan daben ikuspegia.
Bigarren fasean, lehenengoan landutakoa sakonduko dabe. Hiru saio egingo ditue edadeka banatuta, eta gero beste hiru saio gaiaren arabera: gazte emantzipatuak (ekintzailetzea, prestakuntzea, etxebizitzea, lana...); gazte aktiboak (kulturea, aisia eta kirola); eta gazte konprometiduak (boluntariotzea, ingurumena eta feminismoa). Saio presentzialak izango dira, Bilborocken, baina osasun egoerearen arabera, online egin behar izatea ez dabe baztertu.
Hirugarren fasearen ardatza martiaren 2ko jardunaldia izango da. Aurreko saioetako emoitzak jorratu eta ondorioak aterako ditue. Kasu honetan be, mometuan momentuko osasun egoerearen arabera erabagiko dabe topaketearen formatua.
Parte-hartze prozesu honen emoitzetan oinarrituta, Bilbao Uri Gaztea 2021-2023 estrategia diseinauko dau Bilboko Udalak. Helburu nagusia da Bilbo uri erakargarria izan daitela gazteentzat, euren bizitza-proiektua Bilbon egin ahal izan deien, prestakuntzan, lanerako edo ekintzailetzarako aukeretan, etxebizitzan aisialdian eta abarretan arretea jarrita.
Estrategia honen bidez, ganera, gazteek udal jardueran parte hartzeko bideak aktibau eta hobetu gura ditu Udalak, gazteen eskaera eta proposamenei erantzun egoki eta eraginkorrak eskaintzeko eta ganerako erakunde eta elkarteakaz modu koordinaduan lan egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!