Maia Iribarne: 'Proiektu herritar eta parte-hartzailea egitea da helburua'
2021-01-25 07:59 BarriketanBañolet telesailaren sortzailea.
Durangoko Azokearen Sormen Bekea emon deutse Maia Iribarne eta Paxkal Irigoieni, Bañolet telesailaren proiektuagaitik. Fikzinozko mundu bat aurkeztuko deuskue telesaileko lau ataletan: Herri baten, frantziarrak kolonizauta dagoz, eta hizkuntza ugari alkarregaz bizi dira. Horra identidadearen eta hizkuntza gitxituen inguruko gogoetarako gaia.
Musikeagaz lotutako proiektuetatik ezagutzen dabe alkar Iribarnek eta Irigoienek, baina oraingoan ikus-entzunezkoei heldu deutse. Maia Iribarnek kontau deuskunez, Nafarroa Behereko sortzaileak eta herritar arruntak inplikau nahi ditue proiektu parte-hartzaile honetan, telesailetik harago biziko dan indarra sortzeko asmoz.
1.- Planteamendu ausarta da zuena, errealidade alternatibo baten kokatuko dozue Bañolet.
Errealidade alternatibo bat poponidu nahi dogu, baina horrek ez dau esan nahi utopia bat edo gure errealidade ideala aurkeztuko dogunik. Beste gizarte bat, hartu-emonetarako beste bide batzuk erakutsi nahi doguz, eta, horreen bidez, buruan doguzan gogoeta batzuk plazaratu nahi doguz, interesekoak diran gai batzuk aitatu. Hori guztia ez dago guztiz zehaztuta, oraindino istorioa idazten gabizalako, eregiten gabizan errealidade bat da. Hurrengo neguan deskubriduko dogu!
2.- Zeren inguruko gogoetea bultzatu nahi dozue?
Hizkuntza eta identidadea gai zentralak dira, zalantza barik. Gaur egun, Frantziako estaduan hizkuntzak eta kulturak ezin dira modu librean bizi, gitxietsiak dagoz. Pertsonaien eta giroaren bidez, egoera horretaz gogoetea egin nahi dogu telesailean. Gaia zentzunik zabalenean hartuko dogu, bertan sartuta umezaroaren eta helduaroaren arteko transizinoa, eta identidadeagaz lotutako beste alderdi batzuk.
3.- Frantziarrak kolonizaturik, hizkuntzak alkarbizitzan... gaur egungo egoerearen kontrakoa dirudi.
Egia da, gaur egungo egoerearen guztiz kontrakoa da guk telesailean erakutsiko doguna. Hain zuzen be, gaur egungo kontestu horri erantzun bat emotea espero dogu, kritikea egitea, errealidade barri hori aurkeztuta.
4.- Umeen ikuspegitik kontauko dozue istorioa, zergaitik?
Ez dakit umeen ikuspegitik kontauko dogula esatea guztiz zuzena dan, azken baten, geure proposamena kontauko dogulako. Baina, bestetik, egia da umeak dirala protagonistak, eta umeen istorioetan oinarrituko da gure telesaileko bizitzea. Ahaleginduko gara, landu nahi doguzan gaiak beti umeen istorioetatik abiatuta aurkezten, hareen begirada balitz lez.
5.- Nafarroa Behereko herriek eta herritarrek ze protagonismo izango dabe?
Protagonismo handia izango dabe, telesail guztia han grabauko dogu, eta, beraz, aktore eta laguntzaile gehienak hangoak dira. Gu geu be Nafarroa Beherekoak gara, Garazi eskualdekoak. Gure helburuetako bat da proiektu herritar eta parte-hartzailea egitea, bertoko jenteagaz, herrian dinamika bat sortzea proiektuaren inguruan.
6.- Musikearen aldetik zelan jokatuko dozue?
Musikeak leku handia izango dau gure proiektuan, orain gabiz telesailerako musikea idazten. Giro berezi bat sortzea izango da musika horren helburua, guk sortutako fikzinozko herriko unibersoa gehiago azpimarratu eta identidade zehatz bat sortzeko. Telesaila aurkeztu behar dogunerako, musikeagaz lotutako formatu batzuk aztertzen gabiz, zuzeneko aurkezpenetan be musikeak ahalik eta lekurik handiena izan deian, baina hori oraindino lantzen gabiz. Garbi dagoana da, musikea proiektuaren zutabe nagusietako bat izango dala.
7.- Paxkal Irigoien eta zu noiztik zabize alkarlanean?
Aspalditik ezagutzen dogu alkar, hamar urte pasautxu, esango neuke. Batez be, musikearen arloan ibili gara lankidetzan, jantza ikuskizunetarako edo musika taldeentzako proiektuetan. 2015ean, gure ikus-entzunezko lehenengo proiektua sortu genduan, EHZ Festibalak egindako deialdi bati erantzunez. 40 minutu inguruko film laburra oinarri, Txetxe ala hil proiektua sortu genduan, lagun arteko proiektu zoro eta laburra izan zan, barre asko egin genduzan. Bañolet orain dala urtebete inguru hasi ginan lantzen, oso motibauta gagoz.
8.- Durangoko Sormen Bekeak bultzadea emongo deutso Bañolet-i?
Egundoko bultzadea emongo deutso, nire ustez. Alde batetik, sormen bekeak dauen zabalkunderako gaitasunagaitik, oihartzun ikaragarria izango dau gure proiektuak Euskal Herri osoan, leku ugaritan aurkeztu ahal izango dogu. Ganera, bistan da, bekeak laguntzino ekonomiko handia emoten dau, sortzaile gazteak lan munduan pixkanaka sartzeko bultzada bikaina da, sorkuntza artistikotik bizi dan jentea sostengatu ahal izango dogu bekearen bidez. Etorkizunean ekimen gehiago egin ahal izateko bidea zabalduko deusku, hortaz, oso pozik gagoz, proiektua osotu eta aurkezteko gogoz.
Argazkiak: Maia Iribarne eta Durangoko Azoka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!