Sorkuntza garaikidea bultzatzen segiduko dau Azkuna Zentroak
2021-01-22 12:03 Kulturea200 jarduera baino gehiago antolatuko ditue bertan 2021ean.
Igazko jarduerearen balantzea egin eta aurtengo egitasmoak aurkezteko, agerraldia egin dabe Azkuna Zentroko eta Bilboko Udaleko ordezkariek. Pandemiak bete-betean eragin deutso kultura garaikidearen zentroari, noiz eta eraldatze-prozesuan sartuta egon danean, 2019-2023 proiektu programearen erdian. Halandabe, asmoei eutsi ez eze, horreek beteteko baliabideak indartuko ditu Bilboko Azkuna Zentroak, sortzaile garaikideei laguntzea ezinbestekoa dalakoan.
Aurrera begirako asmoen barri emoteko agerraldian egon dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarria, baita Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérez be. Proiektu programearen erdia beteta, 2021a transizino-urtea izango dala dino Pérezek, eta ardatz bi jorratuko ditue: sorkuntzeari laguntzea eta nazinoarteko proiekzinoa izatea.
Era guztietako publikoari zuzendutako 200 jarduera baino gehiago antolatuko ditue 2021ean Azkuna Zentroan. Besteak beste, Gutun Zuria Letren Nazinoarteko Jaialdia eta Prototipoak, forma artistiko barrien topaketea. Hiru erakusketa be badagoz egitarauan. Loturak sortzeko urtea izango da, komunidade barriak erakarteko eta konplizidade barriak lantzeko, Zentroko arduradunen esanetan.
Azkuna Zentroa sorkuntza-habitat gero eta sendoagoa izango dala adierazo dau Pérezek, proiektu artistikoak zabaldu eta parte-hartzea, sormena, barrikuntzea eta ezagutzea sustatzeko. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da sorkuntza artistikoa bultzatzea, artisten lana erabagigarria izango da gizarteko aldaketei aurre egiteko, eta, horretarako, sortzaileek plataformak, denporak, lekuak, baliabideak eta zainketak behar ditue.
Hortaz, alkarlanari eutsiko deutse artista eta ikertzaileakaz, esate baterako, Sra Polaroiska, Oscar Gómez Mata, Aimar Arriola, Isabel de Naveran eta Laida Lertxundigaz. Ganera, Azkuna Zentroko Egoitza Artistikoen Programea 2021eko apirilera arte zabalik dago proposamenak aurkezteko. Jantza Garaikidearen Egoitzeak eta Praktika Artistikoen Egoitzeak hurreko sormen-sarea nazinoarteko kultura-inguruneakaz lotzen dabe.
Laster, Nazinoarteko Komiki Egoitzea aktibauko dabe, nazinoarteko erreferente diran Quebeceko Literaturearen Etxeagaz eta Angulemako Komikiaren eta Irudiaren Nazinoarteko Uriaren laguntzinoagaz. Euskal Herrian aitzindari dan egitasmo honen bidez, hiru egilek euren proiektuak sortuko ditue Angoulema, Quebec eta Bilboko egoitzetan.
Bestetik, Tractora Koop. artista-kooperatibeak, Azkuna Zentroan bizi dan kolektiboak, Kinu proiektua martxan izan dau urte bian, arte-mobimendua edo artist-moving image dalakoa lantzen. Hamar sortzaile dagoz Babestu programan, pandemiak eragindako egoereari erantzuteko sortu zan egitasmoan. Lanean programearen bidez, azkenik, prozesu artistikoei eta artelanen ekoizpenari babesa emoten jako.
2021ean, beraz, 2020ko norabideari eustea da asmoa, artisten eta publikoaren erantzuna ona izan zalako. Ehun artista baino gehiago ibili ziran Azkuna Zentroan euren proiektuak sortzen, eta 2019an berbatutako konpromiso bakar bat be bertan behera ez ixten ahalegindu ziran zentroko arduradunak, pandemiak gogor jo eban arren.
Bisitarien aldetik, Azkuna Zentrora miloe bi lagun inguru joan ziran 2020an, martitik bagilera zarratuta egon zan arren, eta harrezkero edukiera-muga zorrotzak egon diran arren. Programazino kulturaleko ekintza zehatzetan, 36.300 personak hartu dabe parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!