Elkar-ek Adunan izango dau egoitza nagusia
2021-01-22 10:13 KultureaEuskereagaz, euskal kultureagaz eta Euskal Herriagaz dauen konpromisoari eusteko beharra dau Elkar-ek.
50 urtetik gora dira Jaka anaiek etxez etxe liburu saltzeari ekin eutsenetik. Hantxe dago gaur egungo Elkar Fundazinoa danaren sorburua. Etxez etxeko salmentatik abiatuta, Baionan sortu zan Elkar (Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria), argitaletxea etorri zan ondoren eta liburu-dendak eta banaketa martxan jarri ziran aurrerago. 1960-70eko pausu hareetatik joan da eratzen Elkar, Euskal kulturako kultur eragile esanguratsuenetakoa, beti be liburuaren eta musikearen eremuan.
Euskal kultureak zituan beharrak kontuan hartuta, hari erantzuteko egitura sendoak eratea izan da bost hamarkadetan egiteko nagusia eta espiritu barriagaz jarraitzen dau XXI. mendean, belaunaldi barri batek taldearen zuzendaritzea hartu dauenean be.
Testuinguru horretan eta liburugintzeak bizi dauen aldaketa azkar eta etenbako garaiotan, Espainiako liburu banatzaile independente nagusietakoa izateko apustua egin dau azken urteetan, horrek ziurtatuko dauelakoan Euskal Herriko egiturei eta lanpostuei eustea. Euskal Herrian eta Espainia osoan banaketea egiteko moduko azpiegiturea eratu dau Elkar Taldeak.
Eginkizun horrek hazkundea ekarri dau banaketearen eremuan eta hazkunde horrek behar barriak ditu, besteak beste, egoitza handiagoaren beharra, biltegi beharrei erantzuteko.
2017tik ibili da Elkar egungo beharrei erantzungo deutsen egoitza baten bila, hartu dituan eginkizun eta lanei behar bezela erantzun ahal izateko. 2018an, publiko egin eban baeukala erronka barriei erantzuteko egoitzarako proiektua. Michelin enpresearenak ziran eta Usurbilen kokatutako lurretan eregiteko asmoa ebala egoitzea lursaila Gureak Taldeagaz batera konpartiduta. Ordutik, elkar Usurbilgo lurretan egoitza barria egokitzeko proiektua lantzen ibili da, 2020ko martira arte. 2020ko martian, ostera, pandemiak eragindako egoerea goitik behera aldatu zan, baita Elkar berarena be. Usurbilgo proiektua bertan behera geratu eta inbersino txikiagoko beste planteamendu bat egin behar izan dabe.
Ez da Elkar-en gustuko erabagia izan, Taldeak ikusten ebalako Usurbilen egoala beharretara propio egokituta egoitzea eregiteko aukerea. Baina momentu honetako egoereak eragin dau enpreseak baliabideak neurriz erabiltea, ziurtatu behar dauelako hurrengo urteetan bere jarduerak aurrera jarraituko dauela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango dauela.
Aukerea izan dau Elkar-ek bere beharretara egokitu daitekeen beste proiektu bati eusteko inbersino txikiagoa eginez eta haren aldeko apustua egin dau, momentuko egoereak holan eskatzen dauelakoan. Horrenbestez, Usurbilgo proiektua alboratu eta beste proiektu bat lantzeari ekin deutso Taldeak.
Adunan dagoan eraikin bat erosi dau Taldeak (sasoi batean Unipapel izandakoa) eta 2021ean han kokatuko dau bere egoitza nagusia, zerbitzu zentral guztiak batuz, banaketa saila, logistikea eta biltegia eta argitaletxea bere zerbitzu danakaz.
Pabilioia egokitzeko lanei ekingo jake eta udatik aurrera bertan kokatzen hastea dau helburu Taldeak. Zerbitzu guztiak ez dira batera kokatuko bertan eta espero da urte beteko epean izatea egoitzea bere osotasunean martxan, Elkar-ek dituan lan eremu guztiak bertan kokatuta.
Inoiz baino gehiago, euskereagaz, euskal kultureagaz eta Euskal Herriagaz dauen konpromisoari eusteko beharra dau Elkar-ek bolada gogor honetan.
Aurrerago emongo da Adunako egoitzeari buruzko informazino zabalagoa eta deituko dira hedabideak egoitzea bertatik bertara ezagutu deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!