Eneko Barberenak irabazi dau (H)ilbeltza bekea

Bizkaie! 2021-01-22 08:58   Kulturea

Xukunetatik aldendu ahala izeneko nobelea idazteko proiektua aurkeztu dau.

Eneko Barberena (argazkia: (H)ilbeltza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sormena bultzatzeko helburua izango dau aurtengo (H)ilbeltza bekeak, urte birik behin izaten dan legez (ganerako urteetan, itzulpenak saritzen ditue). Epaimahaiak erabagi dau Eneko Barberena arrasatearrari emotea bekea, Xukunetatik aldendu ahala izenburuko nobelea idazteko proiektuagaitik, eta urtebeteko epea izango dau amaitzeko. 

Baztango Udalak, (H)ilbeltza alkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dabe beka-deialdia, euskerazko nobela baltza sustatzeko asmoz, sormenaren zein atzerriko obrak euskeratzearen bidez. Urtero, urtarrilean (H)ilbeltza jardunaldiak be antolatzen ditue gai beraren inguruan, aurten pandemiagaitik ekitaldirik egin ez bada be. Dana dala, urtean zehar mahai-inguruak eta antzekoak egingo ditue, osasun egoereak tartea ixten dauenean.

Xukunetatik aldendu ahala landa eremuan kokatutako nobelea izango dala aurreratu dau autoreak. Landa giroko bizimodua eta bertako herritarren ezaugarriak agertzeko Barberenak egin dauen ahalegina txalotu dau epaimahaiak. Garazi Arrula Txapalartako editorea, Joseba Otondo Baztango alkatea eta Miren Gorrotxategi idazlea egon dira edizino honetako epaimahaian.

Bultzada handia jasoko dau Eneko Barberenak bekeari esker, 6.000 euro emongo deutsezelako eta 2022an Txalapartak liburua argitaratuko deutsalako. Halandabe, aurretik be ibilbide polita eginda dauka arrasatearrak literaturan. Afrikanerrak elebarria plazaratu eban 2019an, eta, horren aurretik, Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (2002) eta Martin Larralde (2011) be idatzi zituan. Olerkigintzan, Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (2004) da bere obra nagusia. 

2020ko (H)ilbeltza bekea, igazkoa, Koldo Bigurik irabazi eban, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao itzultzeko proiektuagaitik. 2019ko edizinoa irabazi eban Miren Gorrotxategik egunotan aurkeztu dau Sotoan gordeak, bekeari esker idatzitako nobelea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu