Bilbon eta Vianan kokatu dau Miren Gorrotxategik bere bigarren nobelea
2021-01-15 10:24 KultureaFamilia barruko sekretuak dira Sotoan gordeak liburuaren ardatza.
Nobela baltza da Miren Gorrotxategi Azkune idazlearen bigarren lana, eta ez da harritzekoa, genero hori bultzatzen dauen (H)ilbeltza bekearen laguntzinoz sortu ebalako. Sekretuak, familia barrukoek alkarri ezkutautako kontuak, misterioak... topauko ditu irakurleak Sotoan gordeak (Txalaparta) izeneko liburu honetan.
Bilboko Guggenheim Museoko erakusketa baten dago kontakizunaren hasierea. Donostian egindako aurkezpenean Gorrotxategik azaldu dauenez, erakusketa koloretsua zan arren, nobela baltz baten abiapuntu aproposa izango zala begitandu jakon Guggenheimera bisitea egin ebanean. Hortik hasita, istorioak Bilbora eta Nafarroako Viana herrira eroango gaitu.
Nora eta Alex dira Sotoan gordeak-eko pertsonaia nagusiak. Bikotea Guggenheimen dagoala, Norak aitaren heriotzearen barri jaso dau, eta Viana jaioterrira joan da berehala, Alexegaz. Bikotekidearen iraganeko kontuen inguruko jakinmina ezin asetuta, Alex bere kontura hasiko da familia misteriotsu horretako gauzak ikertzen. Sekretu gordeenak azaleratu ahala, Noraren eta familiaren ingurukoak agertuko dira.
Gaur egungo kontuak ez eze, iraganekoak be tartekatzen ditu Gorrotxategik kontakizunean, denpora aldetik hiru plano dagoz elebarrian: 1989, 2009 eta 2019koak. Era horretara, Noraren familiaren bilakaerea be hurragotik ezagutuko dau irakurleak, istorioan sakondu ahala.
Miren Gorrotxategi Azkune (Azpeitia, 1981) irakaslea da lanbidez. Itzulpengintza eta turismo ikasketak be eginak ditu. 2017an plazaratutako 33 ezkil izan zan bere lehenengo liburua, ha be nobela baltzaren ingurukoa. Berehalako arrakastea izan eban Gorrotxategiren lanak, eta film luze bat be egin eben haretan oinarrituta (Hil kanpaiak, 2020). (H)ilbeltza bekeari esker dakar orain bigarren nobelea, Sotoan gordeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!