'Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2021-01-21 13:36   Euskerea berbagai

Hamar herrialdetan banatuko dabe argitalpena.

Iñaki Gonzalez de Viñaspre eta Andres Urrutia, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iberoamericana Vervuert argitaletxeagaz bat egin dau Euskaltzaindiak Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean liburua plazaratu eta zabaltzeko. Horri esker, hamar herrialdetan egongo da eskuragarri laster (Euskaltzaindiaren webgunean be erosi leiteke). Lau hizkuntzatan egindako liburu honen helburua, euskal onomastikearen alorreko aurrerapenak eta jakintza horren aplikazino praktikoan Euskaltzaindiak egin dauen ekarpena ezagutzera emotea da. 

Iñaki Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina arduratu da liburuko edukiak batu eta atontzeaz. Bilbon egindako aurkezpenean, Gonzalez de Viñasprek garbi azaldu dau zerk eroan dituan argitalpen hau egitera: Onomastika aplikaduaren ezagutzea zabaltzen laguntzea eta Euskal Herriaz haragoko esperientziak lehen eskutik ezagutzeko aukerea izatea, gogoeta partekatua bultzatzeko. Andres Urrutia euskaltzainburua be aurkezpen ekitaldian izan da.

Onomastika aplikaduaren zeregina, jakintza arlo horretako ezagutzea gizartearen beharrizan praktikoetan erabiltea da, eguneroko bizimoduan erabilgarri izan daiten. Esaterako, antroponimia (izen propioak aztertzen dituan onomastikaren adarra) gurasoen eskura jartea, jaiobarrien izena aukeratu deien; edo udal batek herriko kaleen izenak finkatu nahi dituanerako toponimiaren erespide linguistikoak baliatu ahal izatea. Euskal gizarteak dituan behar praktikoei zuzen eta garaiz erantzuteko tresnea da, Gonzalez de Viñaspreren arabera. 

Liburua hiru atal nagusitan banatuta dago. Lehenengoan, Euskal Herriaz kanpoko bost esperientzia aurkezten dira; bigarren ataleko lau kapituluek euskal onomastikea dabe erdigune, egungo egoerea zein aurrera begirako egitekoak; azkenik, Euskaltzaindiak azkenaldion onomastika aplikaduari egin deutsazan ekarpen nabari batzuk aletzen dira. Gonzalez de Viñaspreren esanetan, liburu erakargarri eta erabilgarri bat osotzea izan da gure nahia.

Euskaltzaindiak onomastika aplikaduan egin dauen bidea azpimarratzen dau liburuak, batez be hirugarren zatian. 38 urte bete ditu Onomastika Batzordeak, eta, 2004tik, Onomastika Zerbitzua be badauka Akademiak. Euskal Onomastikaren Datutegia, EODA, Euskaltzaindiaren webgunean gehien erabilten dan tresnea da: igaz, 455.000 bilaketa egin ziran. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu