PiE-ren Ilustrazino Zientifikoko I. Lehiaketea irabazi dau Nuria Hernandezek
2021-01-21 08:23 Pil-pileanBizkaiko golkoko itsas-hondoko ornobako eta algak marraztu ditu.
Plentziako Itsas Estazinoak (PiE) Ilustrazino Zientifikoko I. Lehiaketea antolatu dau, EHUgaz lankidetzan eta unibersidade horretan Ilustrazino Zientifikoko graduondoa ikasten dabizanei zuzenduta. Epaimahaiak aho batez emondako ebatziaren arabera, Nuria Hernandezek aurkeztutako irudia izan da onena.
Danetara, 15 ilustrazino aurkeztu ziran lehiaketara. Onena aukeratzeko zeregina izan dabe epaimahaiko kideek, hau da, Vega Asensio, Carles Puche, Maren Ortiz-Zarragoitia, Oihane Diaz de Cerio eta Manu Soto Ilustrazino Zientifikoko graduondoko ordezkariek.
XIX. mendeko ilustrazinoak gomutau eragiten dituan estiloan, baina gaur-gaurko aurrerapen zientifikoek agirian itxitako zehaztasun guztiak kontuan hartuta, Bizkaiko golkoaren itsas-hondoan bizi diran animalia eta algen marrazkiak sartu ditu Nuria Hernandezek ilustrazino irabazlean. Astebete inguruko lana behar izan dau osorik amaitzeko.
Ornobakoak dira ilustrazinoaren izarrak. Erdi-erdian, buia epezieko karramarroa (Cancer pagurus) agiri da. Inguruan beste 11 lagun ditu: 3 bibalbo espezie (Lasaea rubra, Callista chione, eta Chamelea gallina striatula), itsas izar bat (Echinaster sepositus), hainbat alga (Corallina officinalis, Falkenbergia rufolanos, Lithophyllum incrustans, Gelidium sesquipedale, Plocamium cartilagineum, Mesophylum lichenoides) eta, azkenik, krustazeoak (balanoak-Balanus perforatus).
Nuria Hernandezen azalpenak argigarriak dira, jakiteko ilustrazino zientifikoen atzean dagoan lan ikaragarria. Zehaztasunik handiena lortzeko asmoz, benetako buia bat erosi ebala kontau dau, eta izena be ipini eutsala, Heliodoro. Alderdi artistikoari jagokonez, buiaren inguruko animalia eta algak aukeratzeko, gorri-marroi kolorekoak bilatu zituan.
Ilustrazino Zientifikoko ikasketak eginda izateaz gan, Arte Ederretan lizentziaduna da Nuria Hernandez Pintor. Ilustrazinoaren munduan beharrean ibili da urteotan, eta zientziagaz lotutako gaiak sarri marraztu izan ditu. Gaur egun, autonomo dabil. Ingurumenaren eta naturearen inguruko proiektu ugari ditu esku artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!