Hazparneko Bertso Eguna maiatzera atzeratu dabe

Bizkaie! 2021-01-20 09:03   Bertsolaritzea

Iruñekoa eta Getariakoa, zezeilean eta martian.

Lapurdin egun dagozan neurriakaz ezin da bertso saiorik egin eta, beraz, maiatzaren 22ra atzeratuko da Bertso Eguna. Sarrerea erosi dozuenoi dirua bueltau edo udabarriko saiorako gordeko jatzue sarrerea. Beste bi Bertso Egunek beren datei eutsiko deutsegu.

Urtarrilaren 30ean izan behar eban Hazparnen 2021erako iragarritako lehen Bertso Egunak. Lapurdin egun dagozan neurrien arabera, ostera, antzokiek zarratuta egon behar dabe eta ez dago kultur ikuskizunik egiteko aukerarik. Kontuak kontu, hilaren amaieran izan behar eban Bertso Eguna maiatzaren 22ra atzeratuko da. Leku berean izango da, Mendeala gelan; baina ordubete lehenago, 17:00etan.

Sarrera erosia dabenakaz hartu-emonetan jarri eta dirua bueltau edo maiatzeko saiorako sarrerea gordeko jake. Maiatzeko Bertso Egun honetarako sarrerak jada eskuragai dagoz www.bertsosarrerak.eus atarian.

Iruñekoa eta Getariakoa, zezeilean eta martian

Zezeilaren 13an, Iruñeko Gayarren izango da, honenbestez, egingo dan lehen Bertso Eguna: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ibiliko dira kantuan; Ainhoa Larretxea izango da gaiak jarten. Getariakoa Balenciaga museoak hartuko dau martiaren 27an eta Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ibiliko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dabela.

Emonaldi biak internetez zuzenean nahiz aurrez-aurre ikusi ahal izango dira: modu baterako zein besterako sarrerea eskuratu behar izango da. Aukeren arabera, salneurria ezbardina izango da, eta bazkideek eta gazteek merkeago eskuratu ahal izango ditue.

Saioak internetetik ikusteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira. Aretoetarako sarrerei jagokenez, Iruñeko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira urtarrilaren 21era arte eta, ondoren, www.teatrogayarre.com webgunean. Getariako saiokoak www.bertsosarrerak.eus atarian lortu ahal izango dira, baina herrian bertan be jarriko dira: Getariako Turismo Bulegoan, zezeilaren 1etik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu