Ortzadar Saria emon deutse Lourdes Oñederrari

Bizkaie! 2021-01-20 08:35   Euskerea berbagai

Euskal literatura eta kulturearen alde egin dauen lana autortzea da asmoa.

Lourdes Oñederra, Ortzadar Saria jaso barri (argazkia: Alex Larretxi/Noticias) | Ikusi handiago | Argazki originala

Noticias komunikazino taldearen Ortzadar kultura-gehigarriak izen bereko saria emon deutso Lourdes Oñederra irakasle, idazle eta euskaltzain osoari, osasuna bermatzeko neurriak bete dituan ekitaldi txiki baten, Gasteizko Artium Museoan. Urtero emoten dabe Ortzadar Saria, Durangoko Azokako egunetan, baina Covid-19ak planak aldatzera behartu ditu.

Noticias taldeko arduradunek azaldu dabenez, urte luzez euskal literatura eta kulturearen alde egin dauen lan handia autortzeko emon deutse Oñederrari saria. Euskerea bultzatu eta zabaltzeko egindako ekarpena be aitatu dabe.

Oñederrak, baina, adierazo dau, berarentzat euskerea ez dala meritua, pribilegioa baino, emonda etorri jakon gauza bat dalako. Beharbada, autortzea aurreko belaunaldiak merezidu dauela gehiago uste dau, bere gurasoek diktadura sasoian ikastola klandestinora eroan ebela eta euskal kontzientzia pasau eutsela gogoratuz. 

Lana emoteaz gan, euskereak gaztetatik etorkizunerako ikuspegia emon deutsala dino. Unibersidadean, bere pasinoa dan fonologia landu ahal izan dau euskereari esker, eta, literaturan, hizkuntzeak materiala emoten deutso, formea topetako. Hori askatasuna dala adierazo dau Oñederrak, 2020ko Ortzadar Saria hartzeko ekitaldian.

Lourdes Oñederra 1958an jaio zan, Donostian, eta Euskal Filologian doktorea da. Luzaroan irakaslea izan da EHUn, oraintsu erretiroa hartu dauen arte. 1996an urgazle izentau eban Euskaltzaindiak, eta, 2007tik, euskaltzain osoa da. Hizkuntzearen ahoskeraz arduratu da gehienbat. 

Filologian dituan ezagutzei esker, EITBko hizkuntza aholkulari izan da, eta 2009tik, Euskerearen Aholku Batzordeko kidea da. Nazinoarteko erakunde ugaritan be ibili izan da, esate baterako, Linguistic Society of America, Societas Linguistica Europaea, International Association for Natural Phonology eta Sociedad Lingüística Española. Aldizkari espezializaduetan artikuluak idatzi ditu. 

Literaturan be sartu-urten arrakastatsuak egin ditu. 1999an Eta emakumeari sugeak esan zion nobelea argitaratu eban, eta sari eta aitamen ugari jaso. 2013an bigarren elebarria, Intemperies (babes bila) plazaratu eban, eta antzerkirako be idatzi izan dau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu