Artea herritarren artean zabaltzeko, Artoteka sortu dabe Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2021-01-19 10:14   Kulturea

Bertoko hamar artistaren obrak erakutsiko ditue zapatuan, ondoren maileguan emoteko.

Beste herrialde batzuetan arrakasta handiz dagoz martxan Artotekaren moduko ekimenak, adibidez, Alemanian, Finlandian eta Mexikon. Euskal Herrian, baina, Bilboko Azkuna Zentroak martxan jarritakoa izango da lehenengo esperientzia. Zapatuan, hilak 23, Mediateka BBK aretoan erakutsiko ditue hamar artistaren obrak, eta, ondoren, herritarrek edo erakundeek maileguan hartu ahal izango ditue hiru hilez, euren etxe, estudio edo lantokian jarteko.

Ekimenaren bultzatzaileek arte garaikidearen liburutegi bategaz parekatu dabe Artoteka. Helburu nagusia, inguruko artisten eta herritarren arteko loturea indartzea da, ondare artistiko garaikidea zabaltzeaz gan. Idea barritzaile honek hiru pausu nagusi ditu:

1.- Beren-beregi Artotekan erakusteko egindako artelan bana aurkeztuko dabe hamar artistak. Danak bizi dira Bilbon gaur egun. Hainbat disziplinatako lanak dira: marrazkiak, argazkigintzea, pinturea, eskulturea eta bideoa.

2.- Azkuna Zentroan ikusitako obrak maileguan hartuko ditue interesa daben erakunde edo norbanakoek, etxean, lantokian edo estudioan jarteko. Mailegua hiru hilerako izango da gitxienez, eta artelanen garraioaz eta instalazinoaz Artoteka arduratuko da. 

3.- Mailegu bakotxa aktibetako, bitartekaritza jarduerak antolatzen dira, espazioaren, erabiltzailearen eta artistearen beharren eta interesen arabera. Holan, artisten eta komunidadeen arteko topaguneak sortzen dira, obren eta horreen esanguren inguruan gogoeta kolektiboa eregiz.

Kontuak kontu, Artotekaren lehenengo saioa zapatuan izango da, Azkuna Zentroko Mediateka BBK aretoan. 10:30ean hasita, bisita gidatuak, obren aurkezpenak eta bestelako jarduerak egongo dira. Ekintzak dobakoak dira, baina aurretiaz emon behar da izena. 

Artotekaren saio honetan parte hartuko daben artistak honeek dira: Belén Cerezo, Helena Goñi, Juana García-Pozuelo, Mawatres, Raisa Álava, Raquel Asensi, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Tunipanea eta Victoria Ascaso. Artotekaren koordinatzaileak, bestetik, Laura Díez, Iranzu Guijarro eta Marina Urrutikoetxea dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu