XXXVIII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketarako deialdia egin dau Bilboko Udalak
2021-01-18 12:28 Kulturea3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko aitamen bi egongo dira.
Lehiaketeak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko aitamen bi emongo ditu ditu modalidade bakotxean, euskeraz eta gaztelaniaz, hurranez hurran. Jatorrizko eta argitaratu bako kontakizunak aurkezteko azken eguna martiaren 30a izango da. Lehiaketearen oinarri osoak irakurri hemen.
Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailaren ekimen honek helburu bi ditu: literatura-sorkuntzea sustatzea eta euskerazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazoten laguntzea. Lehiaketea, 18 urtetik gorako edozein nazionalidadeko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietako bat izan beharko da, izan be, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez hamabost orrialde izango ditue (Times New Roman edo baliokidean, 12ko neurrian) 1,5 espazioan.
Aurreko edizinoetan bezela, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau, literatur munduko persona ezagunek osotua. Partaideek martiaren 30era arteko epea izango dabe euren lanak formatu digitalean aurkezteko, udal webgunearen bitartez.
Aurreko edizinoan, Nora Canal eta bere La tumba de Adam Smith –gaztelaniaz– eta Mikel Ayllon Corral eta bere Emakume-bala kontakizuna –euskeraz– izan ziran epaimahaiaren eretxiz onenak. Era berean, aitamen bi, euskerearen kategorian, Lourdes Unzueta Zamalloarentzat Neskatoa ogi bila doanekoa eta Itziar Ugarte Irizarrarentzat Beraneantea ipuinagaitik izan ziran. Gaztelaniazko atalean, bat Jesús Barriorentzat izan zan, Casa Museo kontakizunagaitik eta Ricardo Chávezentzat bestea, El día río del perro muerto kontakizunagaitik.
Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituan eta, horrezaz gan, literatura unibersaleko zenbait lan itzuli zituan euskerara eta Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu eban. Idatzi zituan lan ezagunenak Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) eta 2014an mende erdi bete eban Harri eta herri (1964) olerki liburuak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!