Boiseko Jaialdia 2022ra atzeratu dabe

Bizkaie! 2021-01-18 10:38   Euskaldunak munduan

Covid-19aren pandemiagaitik hartu dabe erabagia.

Bost urterik behin antolatzen dabe Amerikako Estadu Batuetan Boiseko Euskal Jaialdia, eta 2015eko edizino hunkigarriaren ostean, 2020ko udan egin behar zan hurrengoa. Mundua Covid-19aren pandemiaren erdi-erdian egoala heldu zan hitzordua, eta, beraz, antolatzaileek urtebete atzeratzea erabagi eben. Baina 2021eko udan oraindino pandemiaren eragina amaitu barik egongo dalakoan, nahiago izan dabe arduraz jokatu, eta beste urtebete atzeratu dabe Jaialdia.

Honenbestez, diasporako euskaldunek eta Euskal Herritik Idahoko uriburura osterea egiteko asmoa izan dabenek, data barria gorde behar dabe agendan: Jaialdia 2022ko garagarrilaren 26tik 31ra izango da.

Antolatzaileek euren webgunean azaldu dabenez, barriro atzeratu behar izan dabe hitzordua, baina gogoz dagoz 2022ko garagarrileko ospakizunetarako. Dei egin dabe Jaialdiagaz bat egin eta urte eta erdi barru Boisen egoteko. Informazino gaurkotua ipini dabe hemen.

Euskal diasporearen ospakizunik handiena da Boiseko Jaialdia. Milazak lagun batzen dira bertan bost urterik behin, Estadu Batuetako txoko guztietatik joandakoak, baita beste herrialde askotatik be. Euskal Herritik bertatik be, ordezkaritza zabala joaten da, tartean agintariak, kulturgileak eta norbanakoak. Kanpoan bizi diran euskaldunentzat ezinbesteko hitzordua da, eta senideak atzerrian dituen euskal herritarrentzat be berezia da Jaialdia. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu