Hesian taldeak amaitutzat jo dau bere bidea

Bizkaie! 2021-01-18 09:14   Musikea

Hamabost urtean zortzi disko plazaratu ditue nafarrek.

Euskal Herriko zaleen talderik gogokoenetako bat izan da Hesian XXI. mendearen hasierako urteotan. Kontzertu jentetsuak, disko arrakastatsuak eta konpromiso soziala izan ditu ezaugarritzat Sakanako taldeak, baina agur esatea erabagi dabe, hamabost urteko ibilbidearen ostean. Arrazoi zehatzik ez dabe emon, baina Covid-19aren pandemiak ez deutsezela gauzak erraz ipini aitatu dabe sare sozialetan zabaldutako mezuan.

Osasun neurriakaitik, nahikoa lan izan eben taldekideek entseguetan alkartzeko, baina, behinik behin, Bilboko kontzertu gogoangarria emoteko moduan izan ziran, urtarrilaren 9an. Ordurako, pentsauta eukien ha izango zala Hesianen azken kontzertua, orain arte sekretupean gorde badabe be. Berezia izango zala esan geuntsuen, azkena izango zala bagenkialako, esan deutse zaleei oharrean. 

2020ko zezeilean hasi eban birea Hesianek, eta, kontzertu bakarra jo eta gero, konfinamendua etorri zan. Ganerako hitzorduak bertan behera itxita, harrezkero lanak izan ditue zuzeneko emonaldiak antolatzeko, ganerako musikariei jazo jaken legez. Taldearen agurra be ezin izango dabe ganoraz egin, Covid-19aren erruz. Errealidadeak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu, tristuraz beteta jakinarazo nahi deutsuegu ezingo dogula merezi dozuen despedidarik egin, dinoe oharrean. 

Halandabe, baikortasunez begiratu deutse orain arte egindako bideari: egindakoagaz harro, emondakoagaz pozik, eta jasotako guztiagaz zoriontsu. Musikea sortu eta partekatu dogu. Musikeak batu gaitu, barruak hutsitu, bihotzak bete, eztarriak urratu, arimak biluztu eta hegalak astindu

Zortzi disko eta ezin kontau ahala kontzertu emon ditu Hesianek hamabost urtean. Baina, gehien balorau dabena, zaleen begiradak, oihuak, babesa eta besarkadak izan dirala dinoe. Zuengatik izan gara izan garen guztia eta bihotzak beterik, bagoaz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu