Xsakara: 'Euskal rap generoan eredu izan gura neuke'

Koldo Isusi Zuazo 2021-01-18 08:00   Barriketan

Ilargiaren semea 1619, 10 kantuz osotutako diskoa plazaratu dau autoprodukzinoan. Oraintsu plazaratu dau Deep Sodak aitatu diskoa sustatzeko bigarren bideoa: Deabrua bihurtu naiz.

Hamabost bat urtegaz insomnioa atzemon eutsien, lo egitxi egiten dau bermeotarrak eta Insomnia taldea be ipini dau martxan. Dupla, Kai Nakai eta beste batzuekaz kolaborau dau eta musika arloan danetarik, baita musika klasikoa be, entzuten dauen artisteak urte batzuk barru eredu izan gura leuke rap, hip hop eta musika urbanoan.


1.- Zure lehenengo disko fisikoa da Ilargiaren semea 1619, autoprodukzinoa? Gustora zagoz?

Bai. Oso gustora. Espero nebana baino hobeto etorri da dana. Lan handia egin dogu, zehatz eta sakon. Merezidu izan dau. Autoprodukzinoagaz be pozik nago baina ez dot uste nahitaezkoa danik, musikearen industria sano aldatu da azken urteotan eta gaur egun plataformak, internet, You Tube eta bestelakoak dagoz eta jentearen ohiturak goitik behera aldatu dira. Edozelan be, neuretzat egin dot autoprodukzinoa, lan fisikoa behar neban, txikitatik izan da nire amesa eta plataforma digitalak baztertu barik, gordetako gauzea gura izan dot atara eta zaleak ahaztu barik, disko fisikoa zabaltzea errazagoa dalako, neuk saltzen dodaz eskura eta erregalutzat be erabili daiteke.


2.- Bihotzarentzako pilulak (2019), TiroPun etxeagaz plazaratu zenduan eta 2020an, barriz, Bide okerretik. Gaur egun, autoprodukzinoa da bidea? Merezidu dau disko fisikoa plazaratzea?

Ez. Egoerea dan modukoa da eta damutu ez naz damututen baina nire erabagia izan da eta pozik nago, kontzertuetara eroaten dodaz diskoak eta hor jenteagaz aurrez aurre berba egin eta saltzen dodaz.


3.- Eztauie ulertuten eta Trankil kantuetan bizkaieraz kantetan dozu. Bermeotarra izanda, normaltzat hartu behar dogu?

Bai, zergaitik ez dot egingo ba bizkaieraz, etxeko berbetea da, lagunartekoa eta erabilerea suspertu behar dala entzuten dogun sasoian, neureari ekitea da logikoena. Bost urtean Gernikan ibili naz eta hango berbakerearen ezaugarriak be erabilten ditut. Abesti danatan beti egongo da zeozertxu bermeotarrei keinu eginez.


4.- Spotify plataforman, Bide okerretik (19.294), Gerlari kemenak (29.987) eta Trankil (5.646) dira gehien entzun diranak. Zein da zuk gehien maite dozun kantua?

Ondo dagoz datuok, nondik nora jo eta zaleen gustoak eta ezagutzeko baina aitatu dozuzan horreen artean, Gerlari kemenak kantuak 29.987 entzunaldi izateak ez deust burukominik eragiten, musika urbanoaren munduan nire lehenengoetako ahalegina eta, akaso, horregaitik izan daiteke entzunaldi zaparradea baina ez da nire kanturik gustokoena. Niretzako Bide okerretik kantua kantu indartsuagoa da, oso polita da, gauzak ondo egiten nagoela erakusten deustan kantua.

Hortik gora, niri gehien gustetan jatazanak bi dira, etxean nagoanean entzuteko asko gustetan jat Esaidazu, tristea da, mina da ardatza eta txarto nagoanean, minari buruzko kantu hori entzutea gozagarria da, lasaitzen nauena; eta zuzenean kantetako, barriz, Beldurrik gabe, sentimenduz ganezka datorren kantua da, kantaukeran desahogau egiten naz.

5.- Nortzuk dira Jone Izaola, Aritz Lertxundi, Haritz Olaeta eta Xabier Gutiez Quintian?

Quintian neu naz, Haritz Olaeta sare soziletan ezagutu neban Bilboko rapero bat da, kolektiboa daukana, diskoan parte hartzeko gonbita egin eta plazerra izan da beragaz behar egitea, kantua bikain geratu zan eta persona lez ezagutzea be ederra izan da, gure sektorean jente asko dabilela jaubetu naz eta hori be gustagarria izan da. Jone Izaola 16 urte nituanetik ezagutzen dot, 23 urte daukadaz, Mundakako portuan ezagutu ginan, gitarristea da bera eta ondo konpontzen gara, lagunak gara eta argi esan neutsan, disko honetan derrigor egon behar zala.

Aritz Lertxundi, umetako laguna da, 10 urtegaz edo egin ginan lagun eta neuk sortutako Insomnia taldean gitarrea jotean dau. Disko honetan parte hartzea eskatu eta berehala emon eustan baiezkoa.

6.- Bermeon rap giro bikaina dago eta dakigunez, Gatom-Iñigo Iriondogaz oso ondo konpontzen zara...

Bai. Herrikideak gara eta antzeko giroetan gabiz. Gainera, bera izan zan lehenengo personea lagundu eustana, kontzertuetara eta eroaten ninduan eta oso eskertuta nago. Baina azken aldion bakotxak bereari ekiten deutso, errespetau egiten dot haren lana eta berak nirea.

7.- Lo gitxi egiten ei dozu...

Bai, 15 bat urte bete nituanetik insomnioa daukat eta kanpotik begituta pentsau daiteke 22-23 urteko mutil bati kalte egin leikiola eta. Arazoa da baina musikan ez deust eragiten ze gauerdian kantuak sortzen hasi eta 08:00ak arte egoten naz martxan. Alkarrizketa hau egin aurretik ordu bi egin dodaz lo...
Lo egin barik emoten dodazan ordu guztiak musikeari dediketan deutsadaz, ezin naz kexau...

8.- Rap, hip-hop zein musika urbanoa eta elektronikoaren giroetan zeintzuk dira zure ereduak? Dupla, Kai Nakai...

Danetarik entzuten dot, boladak ditut eta bateren batek pentsau arren, goizetik gauera rapa edo hip hopa entzuten nagoala oker dabil. Popa, rocka, elekronikoa, punka, urbanoa, klasikoa be ba; hori dana buruan bueltaka dabil eta gero nire musikan igarten dira bateko zein besteko ezaugarriak, buztartuta. Gaur egun rocka entzuten nabil, Etxekalte eta Addar bermeotarrak zein Ymgue eta kanpotarren artean, Red Hot  Chilie Peppers asko entzuten dot

Dupla, STR eta Kai Nakai be entzuten dodaz, Kai Nakai neugaz dago Deep Soda oruktoran eta ondo konpontzen gara, kontzertuotan alkarregaz be ibili gara, urtarrilaren 22an, Gasteizeko Kubik aretoan be egongo gara.

Dupla be ondo gogoan daukat, lagunak gara eta orain urtebete edo deitu eustien kolaborazino bat egiteko, esperientzia zoragarria izan zan.

9.- Don Patricio eta Xsakara BBK Salaren 10. urteurreneko kontzertuetan izan zinien. Zelako esperientzia izan zan?

Ederra. Orain dala lau bat urte emon neban lehenengo kontzertua Euskotrenen bagoi batean, bluetooth bidez konektau bozgorailua eta han hasi nintzan kantetan, makinistearen harridurarako. Lau urte aurrerago Don Patricio lako artista bategaz konpartidutea kontzertua upealakoa izan da.

10.- Gernikako Astra kulturgunean lan barria aurkeztu dozu eta sarrereagaz batera diskoa erregaletan zenduan. Zelakoa izan zan jentearen erantzuna?

Astra nire bigarren etxea da eta hara batutakoei esker ona adierazoteko modua izan da. Sarrereagaz batera diskoa erregalau neban eta atzeraino bete egin zan. Dupla eta beste talde batzuekaz be kantau izan dot Astran eta plazerra izaten da beti.

11.- Urtarrilaren 22an, Kai Nakai eta zeuk kontzertuak emon dozuez Kubik Aretoan eta 23an, Bermeoko Kafe Antzokian...

Bai. Ondo atonduta daukagu eta desietan gagoz eguna noiz helduko batu eta saio ona eskaintzeko. Bermeokoa barriz gatx ikusten dot, pandemiak gogor jo dau Bermeo eta arazoak egon daitekez; pena da ze hiru bat hilebete daroaguz diskoaren aurkezpena preparetan, sekulako ikuskizuna atondu dot eta kristoren gogoa daukat, kontzertua deskontrola izango da. Neugaz batera, Insomnia taldea be han egongo da baina ez dakit posible izango bada.

12.- Non ikusten dozu zeureburua bost urte barru?

Guzurrik ez dozu gurako eta, beraz, egia esan behar badeutsut, gorabeherak gorabehera, orain nagoan lekuan egon gura neuke, kontzertu piloa emon eta, ahal bada, euskal rap generoan eredu izan gura neuke, harrotasunik barik, itxaropen handia daukat goi-goian egoteko eta ahal dan guztia egingo dot horretarako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu