Sabino Arana Sariak 2020: Sipi, Barreira, Gorostiza, Urbeltz eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia

Bizkaie! 2021-01-15 13:53   Pil-pilean

Sariak emoteko ekitaldia streaming bidezkoa izango da, urtarrilaren 31n.

Sabino Arana Fundazinoak jakitera emon dau 2020ko Sabino Arana Sariak nori emongo deutsazan. Mireia Zarate fundazinoko presidenteak eta Ignacio Etxeberria idazkariak agerraldia egin dabe, bost irabazleen izenak esateko. Honeek dira: Remei Sipi, José Barreira, Amaia Gorostiza, Juan Antonio Urbeltz eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia.
 
Urtero-urtero, urtarril amaieran egiten dabe Sabino Arana Sariak emoteko ekitaldia, Bilboko Arriaga Antzokian. Aurten, baina, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik, streaming bidezkoa izango da, eta nahi dauenak etxetik ikusi ahal izango dau sari-emotea, fundazinoaren webgunearen bidez. Urtarrilaren 31n izango da.
 
Hona hemen bost sarituen ibilbidea eta merituak:
 
- Remei Sipi idazlea da, eta Afrikako emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea. E'Waiso Ipola alkarteko bultzatzaile eta idazkaria da, eta horren bidez harrerea egiten deutse Espainian bazterkeria egoeran dagozan emakume afrikarrei. Ekuatore Ginea inguruan bizi dan bubi etniakoa da, jatorriz, Remei Sipi.
 
Feminismo militantearen esparruan, eta, zehatzago, Afrikako emakumeen aldeko burrukan dabilen ekintzaile kautsauezina dala dino Sabino Arana Fundazinoak. Remei Sipiren lana baliotsua eta esanguratsua da, izan be, Afrikako emakumeen, gitxiengo etnikoen eta emigranteen defensan egindako lana, sortutako jakintzea eta gizarte-engaiamendua eredugarriak dira hurrengo belaunaldientzat, adierazo dau Mireia Zaratek. 
 
- Jose Barreira enpresaburu galiziarra da, baina 40 urte daroaz Euskal Herrian bizi izaten. Sektore askotan ekimen arrakastatsuak jarri ditu martxan: garraioan, logistikan, siderurgian, energia barriztagarrietan, ostalaritzan eta hoteletan. 
 
Ekintzailetzarako dauen talentuari esker, Barreira erraz hurreratzen da euskal gazteakana, eta berbaldiak be emoten ditu hareentzat. Fundazinoaren esanetan, haren gogo ekintzaileagaitik eta erakutsi dauen gaitasun ezagunagaitik saritu dabe Barreira. 
 
- Amaia Gorostiza be enpresaburua da, baina Eibar futbol taldearen presidentea be bada azkenaldion. Enpresearen munduan zein futbolean egindako kudeaketa bikainagaitik emongo deutse saria. Gogoan izan behar da, 80 urte bete barri dituan Eibar kluba ondo finkatu dala gorengo mailan, gizonezkoen zein emakumezkoen arloetan.
 
Gorostizak erakutsi deusku bardintasuna lortu leitekela kirol eta enpresa lako esparru maskulinizatuetan be bai, adierazo dabe Sabino Arana Fundazinokoek. 
 
- Juan Antonio Urbeltz, bestetik, bizi osoan ibili da euskal folklorea, tradizinoa eta jantzak batzen, eta horreek gizarteratzen. Tradizinozko herri kulturea ikertu, aztertu eta zabalduz, 50 urtean egindako ibilbide oparoagaitik sarituko dabe. Liburu ugari ditu argitaratuak, batez be, jantza tradizionalen eta jai herrikoien ingurukoak.
 
Lan zorrotza izan da, gure folklore-ondare aberatsa sustatzen eta zabaltzen lagundu dauena, bai eta ondare hori ahaztu ez eta bizirik iraun deian laguntzeko be, dinoe fundazinokoek. 
 
- Bilboko Mediku Zientzien Akademia, dagoeneko 125 urte dituan erakundea, lehen mailako erreferente soziosanitarioa dala dino Sabino Arana Fundazinoak. Hori guztia, Akademiako partaide diran mila mediku, erizain, albaitari eta ganerako adituen lan eskuzabalari esker lortu dala ganeratu dau. 
 
Personak osasun-sistemearen jardunaren ardatz nagusian jarrita, osasunak eta gizarteak harmoniaz edo adiskidetasunez alkartutako binomioa osotu deien eta zientziaren aurrerapenaren lekuko izaten segidu deien opa deutso fundazinoak Mediku Zientzien Akademiari. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu